«Etxeko langileen egoeraz zein zaintzarik jasotzen ez dutenez hitz egin behar da»

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 22a, 07:54

Isabel Otxoak Etxe barruko zaintza. Pobrezia eta babesik eza hitzaldia emango du bihar, Pobreziaren Aurkako Jardunaldietan. Otxoa EHUko irakaslea da eta Bizkaiko etxeko langileen elkarteko aholkularia.

Zer azalduko duzu hitzaldian?

Alde batetik zein den etxeko langileen egoera, etxe barruko zaintzan, baina baita oso ezaguna ez den beste kontu bat ere aipatzea: emakume asko daudela beraien etxeetan zaintza beharrean, eta hori ez dagoela ondo babestuta. Erkidegoan, menpekotasuna duten pertsonen artean kopuru handi batek ez du inongo zerbitzurik. Gehienetan emakumeak dira eta bakarrik bizi direnak. Ia 20.000 emakume daude ez lagunen ez familiakoen ez zerbitzu publikoen edo pribatuen arretarik gabe.

Zaintzari buruz hitz egiterakoan, askotan aipamena egiten da eta egia da, etxeko langileen egoera ez dela ona, familiako zaintzaileen egoera ez dela ona, baina nik uste dut ozen esan behar dela gainera jende askok ez duela inongo laguntzarik.

Ze nabarmenduko zenuke zaintzaileen egoeraren inguruan?

Etxeko langileak direnean eta etxean bertan lo egiten dutenean, kontua da lanaldi luzeegiak dituztela. Luzeegia esaten dudanean da 80 ordutik gorako lanaldiak. Kontua da hor ez dagoela inolako kontrolik eta ehuneko handi batek legezkoak izango liratekeen 60 orduak baino gehiago egiten duela lan astean. Oso gutxitan ikusten ditugu legea betetzen duten pertsonak. Orain gutxi aholkularitzatik pasa da 91 ordu egiten dituena astean. 1.700 euro ordaintzen diote. Esango duzu, hori soldata nahiko duina da, baina horren trukean ez du inongo atsedenik hartzen astean zehar. Etxeko langile askok eta askok ez dute atsedenik hartzen.

Egoera horien aurrean kexatzeko, baldintza duinak eskatzeko, aukera badute?

Izan behar lituzketen baldintzen berri ematean, langileek batzuetan erantzuten dizute uste dutela abusatzen ari direla, baina paperak eman zizkiotelako horren eskertua zegoenez... Paperik gabe etortzen den jendeak zailtasun handia du horiek lortzeko. Orduan, lan baldintzak bigarren mailakoak bihurtzen dira. Hori horrela, paperak lortu ahal izateko jendeak lan baldintza oso kaxkarrak jasaten ditu. Eta hori da atzerritarren legearen kontua. Gainera, paperak lortzerako etxe horretan seguruenik bi edo hiru edo lau urte emango ditu lanean... Denbora horretan egon dira gizarte segurantzan alta eman gabe. Behin paperak lortuta, esker onez, denbora tarte batez etxean gelditzen dira paperak lortu dituztelako. Eta hori da gaur egun helduak zaintzeko dagoen sistema. Izan ere, etxeko langile moduan lantokian lo egiten duten ia guztiek atzerriko jatorria dute.

Erlazionatuak

Pobreziaren aurpegi ugariak

Imanol Garcia Landa 2018 urr 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!