Pobreziaren aurpegi ugariak

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 11a, 08:00
Arantxa Iruretagoiena, Zutani elkartearen egoitzaren aurrean.

Bi astez luzatuko diren Pobreziaren Aurkako Jardunaldiak antolatu ditu Zutani elkarteak; urriaren 16an izango da lehenengo ekitaldia.

Zutani elkartasuna eta laguntza humanitarioko elkarteak lehenengo aldiz antolatu ditu Pobreziaren Aurkako Jardunaldiak. «Pobreziak izan ditzakeen hainbat aurpegi islatu nahi izan ditugu», azaldu du Arantxa Iruretagoienak, elkarteko lehendakariak. «Elkartean elkarbanatu ditugu bakoitzaren kezkak, eta egia da jardunaldian jorratuko diren gai horiek gizartean daudela».

Elkartea 2013an jarri zen martxan, eta bere egoitza Tolosako Araba etorbidean du. «Elkartea sortzeko batu gintuena elikagaien falta zegoela familietan izan zen», esan du Iruretagoienak. «Beti argi izan dugu erakundeen lana dela hori, baina betetzen ez denean ez dugu utziko jendea janaririk gabe. Oinarrizko beharra da, etxebizitza, osasuna, lana... bezala». Elikagaien banaketarekin hasi zirenean 60 familia zeuden eta gaur egun 220 dira elikagaiak jasotzen dituztenak. Astero-astero elkartera bi familia berri joaten direla dio Iruretagoienak.

Zutani elkartea sortu zutenean elikagaiak banatzea izan bazen ere zeregin nagusia, beraien helburua ez dela soilik elikagaiak banatzea dio Iruretagoienak: «Gure nortasuna ez da asistentziala, ez dugu karitaterik egiten eta ezta limosna ematen ere. Saiatzen gara pobrezian bizi direnak gure ekintzetan parte hartzen, prestatzen eta ikasten. Gure estatutuetan argi geratzen da pobreziaren eta esklusio sozialaren aurka aritu nahi dugula, solidarioak garela, prebentzioa ere sustatu behar dela, prestakuntza, sentsibilizazioa... Bestalde, genero eta interkulturalitate ikuspegitik elkarbizitza sustatzeko prozesu eta ekintzak bultzatu nahi ditugula».

Hasierako urteetan, baina, taldean gutxi zirela, eta ez zituztela ez baliabide fisiko ezta ekonomikoak ere azaldu du. «Elikagaiak banatzea izan da gure ekintza nagusiena», esan du Iruretagoienak, eta gaineratu: «Urteen poderioz gertatu da jende berria gerturatzen hasi dela, talde solidario majo bat sortu dugula, nahiko egonkorra, eta horri esker gure estatutuetan azaltzen diren helburuak zabaltzeko aukera eman digula. Adibidez, Pintxo Tour egitasmoa, tailerrak, ikastaroak eta beste zenbait jarduera sustatu ditugu».

Aurten, beraz, «aspaldiko gogoari jarraituz», Pobreziaren Aurkako Jardunaldiak antolatu dituzte bi astetan zehar, urriaren 17an Pobreziaren Aurkako Nazioarteko eguna dela probestuz. Zehazki, urriaren 16, 17, 18, 22 eta 23an izango dira ekitaldiak.

Jardunaldietarako gaiak aukeratzerakoan, Iruretagoienak gogora ekarri du «dibertsitatea» dutela bai boluntarioen artean eta baita janaria jasotzera joaten direnen artean ere. «Bestalde, gai ezberdinak daude gizartean guri kezkatzen gaituztenak: migrazioa, emakumea, pobrezia, elikagaien banaketa egiteko modua duina den edo ez... Guk esaten dugu elkarte dinamiko bat garela, hau da, gure lana hausnartu egiten dugula».

Iruretagoienak gaineratu duenez, ez daude «beti eroso» egiten dutenarekin, eta zalantzan jartzen dute: «Arazo hau nolakoa den, laguntzen ari garen, hona etortzen den jendea zergatik etortzen den, emakumearen egoera zein den, etxeko lanak egin eta bertan bizi diren langileak nola dauden, pentsiodunen egoera, haurren garapen osasuntsua... Horiek dira ditugun gaiak, eta lehenengo jardunaldiak antolatzeko, ikusi genuen polita izango zela gai ezberdinak tratatzea, eta horrela herritarren espektro handiago batera iristea». Hori horrela, jardunaldiak osatzen joan dira, hainbat gaietan adituak diren pertsonekin harremanetan jarriz eta parte hartzera gonbidatuz.

HAUSNARKETARAKO GAIAK

Jardunaldiko ekitaldi guztiak Tolosako kultur etxean izango dira, leku ezberdinetan, eta 19:00etan hasiko dira. Migrazioa izango da jorratuko den gaietako bat. Lehenengo egunean Gorka Morenok Migrazioa eta pobrezia gaia jorratuko du. Migranteen eta pobreziaren inguruan datuak emango ditu. «Migrazioaren eta pobreziaren artean lotura ote dagoen eztabaida sortu nahi dugu», esan du Iruretagoienak.

Migrazioaren gaia beste egun batean ere jorratuko da. Urriaren 22an izango da hori, eta batetik Las lagrimas de Africa dokumentala ikusiko da. Bere egileak, Amparo Climentek, errefuxiatuek eta migranteek Marokon bizi duten egoera, tartean hesiak pasatzeko ahaleginak, filmatu du dokumentalean. Egun horretan, Gerardo Carrere Irungo Harrera Sareako kideak ere, Irun eta Hendaia arteko muga igarotzeko migranteek bizi duten egoera azalduko du, eta horren aurrean Sareak egiten duen lanaren berri emango du.

Pobreziaren Aurkako Egunean, urriaren 17an, umore pixka bat sartu nahi izan dute, eta Virginia Imaz ariko da ipuin kontalari. Egun horretan ere Donostiako Zero Pobrezia plataformaren berri emango du Jesus Ochoak, plataformaren funtzionamendua eta helburuak azalduz.

Urriaren 18an Gasteizko Despensa Solidaria Tabgha-ren berri emango du Fidel Molinak. «Hausnarketak egiten ari gara elikagaien banaketaren inguruan», esan du Iruretagoienak. «Ondo ari garen, gehiago inplikatu behar ditugun elikagaiak jasotzen ari direnak... Badaude beste esperientzia batzuk, eta nola funtzionatzen duten jakin nahi dugu, eta ikusi ea guk zerbait aldatu dezakegun jendea gehiago inplikatzeko».

Azkeneko ekitaldia urriaren 23an izango da eta, batetik, Isabel Otxoa etxe barruko zaintzari buruz ariko da, eta Maite Bilbao alarguntza pentsioen inguruan. «Bi gai horiek elkarren artean lotura dute», azaldu du Iruretagoienak, «eta hor ere generoa landu nahi dugu, emakumeek bizi duten egoera ikusaraziz, eta pobreziaren feminizazioa benetakoa dela erakutsi».

Jardunaldiek ere balioko dute Zutani elkarteak egiten duen lana ezagutarazteko. Iruretagoienak dio ateak irekita dituztela boluntario gehiagorentzako, eta beraien nahia dela elkartearen taldea gero eta sendoagoa izatea, «lan asko baitago egiteko».

EGITARAUA

Ekitaldi guztiak Tolosako kultur etxean izango dira.

Urriak 16, asteartea

19:00. Migrazioa eta pobrezia hitzaldia, Gorka Moreno Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariarekin.

Urriak 17, asteazkena

19:00. Donostiako Zero Pobrezia Plataformarekin solasaldia, Jesus Otxoa bertako kidearekin.

Ondoren. Cuentos de la Tia Miseria ipuin kontaketa, Virginia Imaz Oihulari Klown taldeko kidearekin.

Urriak 18, osteguna

19:00. Despensa Solidaria Tabgha (Gasteiz) hitzaldia, Fidel Molina Berakah taldeko koordinatzailearekin.

Urriak 22, astelehena

19:00. Amparo Climenten Las lagrimas de Africa dokumentala.

Ondoren, La otra valla: de Irun a Hendaia hitzaldia, Gerardo Carrere Irungo Harrera Sareako partaidearekin.

Urriak 23, asteartea

19:00. Mahai ingurua: Etxe barruko zaintza, pobrezia eta babesik eza, Isabel Otxoarekin, EHUko irakaslea eta Bizkaiko etxeko langileen elkarteko aholkularia; eta Alarguntza pentsioak: ageriko miseria, Maite Bilbaorekin, Fevi Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteen Federazioko kidea eta CONFAVen konfederazioaren lehendakaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!