«Esan dezakegu migranteentzako beste hesi bat bezala dagoela Irunen»

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 15a, 08:09

Gerardo Carrerek parte hartuko du Pobreziaren Aurkako Jardunaldietan. Urriaren 22an La otra valla: de Irun a Hendaia hitzaldia emango du. Carrere Irungo Harrera Sareako partaidea da eta SOS Arrazakeriako kidea.

Zergatik azaltzen da «beste hesia» hitzaldiaren izenburuan?

Hesia baino muga da. Benetako hesia hegoaldean dago, hemen muga dago, bestelakoa dena. Hemen, Irunen, gertatzen dena da hegoaldetik etortzen diren migranteak, gehienak Europa aldera joan nahi dutenak, tope bat dutela Irunen, muga dagoelako. Beste aldean Frantziako poliziak kontrolak ditu jendea ez pasatzeko. Beraz, inbutu moduko bat sortzen da, eta jendeak egunak pasatzen ditu muga pasatu nahian. Azkenean gehienak joan egiten dira, baina izaten da jendea itxaroten dagoena. Beraz, esan dezakegu beste hesi bat bezala dagoela. Eta horren inguruan sortu da Harrera Sarea.

Zer egiten du Harrera Sareak?

Migrante horiek dituzten beharrak betetzea. Uztaila bukaeran sortu zen Harrera Sarea. Irunen jendea zegoen kalean, eta ez zegoen baliabide publiko bat beraiei harrera egiteko. Bazkari bat egin genuen udaletxearen aurrean, eta orduan erakundeek erantzun bat eman zuten, aterpetxe bat jarriz. Uztailetik hona beti egon da migranteen baliabide bat, baina egia da oso eskasa izan dela, edo errealitatearen atzetik joan direla. Orduan, behar horien inguruan sortu da Sarea.

Baliabide publikoak beti arau bereziak dituzte. Adibidez, jendeak hiru edo bost egun baino gehiago ezin du geratu, baliabidea bakarrik erabili dezakete azkeneko 30 egunetan Espainian sartu direnek, Poliziak ematen dien dokumentazio berezi bat behar dute, egunez ezin dute egon, ez dago arreta berezirik adin txikikoentzat eta emakumeentzat... Beraz, erakundeek betetzen ez dituzten behar horiek Sareak betetzen ditu.

Nola antolatzen zarete?

Sarearen inguruan 150 pertsona inguru biltzen dira. Lan taldeak daude: arropa banatzen duena, otorduak egiten dituena, goizez eta arratsaldez harrera egiten dietena migrante berriei... Niretzat azpimarratzeko ezaugarri bat du Sareak: jende oso ezberdina elkartzen gara, baina oso lan polita eta praktikoa egiten ari gara denon artean.

Bestalde, Harrera Sarearen lana ez da bakarrik migranteei erantzun bat ematea. Garrantzitsua da Sarearen sentsibilizazio lana gizartean, nolabait diskurtso xenofobo eta arrazistaren aurka egiteko. Jendea zuzenean inplikatzen denean, errealitatea zuzenean ezagutzen duenean, pertsonak ezagutzen dituenean, beste ikuspuntu bat sortzen zaio. Eta ikusten dugu Sarearen inguruan dagoen jendea ere kutsatu egiten dela hortaz.

Erlazionatuak

Pobreziaren aurpegi ugariak

Imanol Garcia Landa 2018 urr 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!