Asteartean ekingo diote irakurketa klubeko lehen zatiari

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 10a, 16:11

Irakurleek hala eskatuta, bi zatitan banatu dute, aurten, Aranburu jauregiko irakurketa kluba: lehen lau liburuak gazteleraz idatzitakoak izango dira, eta bigarren erdia euskal literaturari eskainiko diote.

Datorren asteartean, hilaren 16an, Aranburu jauregiko irakurketa kluba hasiko da, Tolosan. Saio guztiak asteartetan izango dira, 18:30etik aurrera, eta ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Parte hartzeko baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da, eta proposaturiko liburua irakurrita eramatea, noski; guztiak mailegatu ahal izango dira liburutegian bertan.

Aurten, estreinakoz, bi zatitan banatu dute ikasturtea, eta lehen erdian gaztelerazko lau liburu izango dituzte aztergai; lehen, tartekatu egiten zituzten hizkuntzak. Urtarriletik aurrera, berriz, euskal literaturak hartuko du udal liburutegiko irakurketa klubaren erdigunea; urte berriarekin iragarriko dute egitaraua.

Astearteko saioan Pedro Mairalen La Uruguaya izango dute hizpide, eta Monica Leivak gidatuko ditu gaztelerazko saio guztiak. Gainerako hiru hitzorduetarako, honako obrak proposatu dituzte:

  • Azaroaren 13an, Joe Bageant-en Crónicas de la América profunda.
  • Abenduaren 11n, Aki Shimataki-ren Hozuki, la libreria de Mitsuko.
  • Urtarrilaren 22an, Angelika Schrobedorff-en Tú no eres como otras madres.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!