«Emakumeok desikasi egin behar ditugu automatikoki egiten ditugun zaintza lanak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 10a, 07:59
Argazkia: Olatz Mitxelena / Oarsoaldeko Hitza

Bihar hasiko da, Tolosako jabetze eskolan, 'Zaintza begirada bat' ikastaroa; Kontxi Lopezek egungo eredua, parekatzetik harago, eraldatu egin behar dela uste du.

Donostiako Berdintasun sailean, zaintzaren talde motorrean lan egiten du, hainbat elkarterekin. Kontxi Lopezek (Errenteria, 1965) zaintza eredua eraldatzea du helburu, eta Tolosako jabetze eskolako ikasleen bizipenak ere kontuan hartuko ditu, balizko eredu bat sortzeko.

Zaintzailea zaindu sarri entzuten da, baina, benetan gauzatzen al da?

Hasteko, argi utziko nuke zaintzaile horien generoa: gaur egun, zaintzan aritzen diren herritarren %99 emakumeak dira. Gero, hori da galderarik handiena: nork zaintzen ote duen zaintzailea. Gaur egungo zaintza eredua nahiko urrun dago zaintzailea zaintzetik eta, zenbait kolektibo saiakera txikiak egiten ari diren arren, zailtasun handiak daude eredua aldatzeko.

Zein hutsune ditu ereduak?

Ez da batere orekatua, ez da parekidea eta ez da justua. Oro har, emakumeek eusten dute gaur egungo zaintza eredua; badirudi, rol hori dagokigula. Eta, instituzioei dagokienez, gabezia handiak ditu sistemak.

Zein bide har daiteke zaintza eredu hori aldatzeko?

Jabetze eskoletatik, berdintasun sailetatik eta feminismotik urteak daramatzagu hausnarketa bat egiten, eredua transformatzeko. Momentuz, ahalduntze hori da bidea, eta Tolosako tailerrak ere jomuga hori du: familia esparruan beren rolaz hausnartu nahi duten emakumeak elkartzea, eta balizko eredu egoki batekin pentsatzea.

Zein metodologia erabiliko duzue horretarako?

Ikasleen artean ez dago profil zehatzik, eta beren gurasoak zaintzen ari diren emakumeekin batera, emakume gazteek ere ematen dute izena: seme-alabak zaintzen ari direlako edo, besterik gabe, zaintza eredu hau ez datorrelako bat beren ideiekin. Saioetan, beraz, zaintzaren ardurak banatzeko tresnak eskainiko dizkiegu. Izan ere, ardurak banatzearena oso polita geratzen da kartel batean edo kanpaina batean, baina gero praktikan jarri behar da. Horretarako, bizipenetan oinarritzen ditut nire tailerrak: ni nola nagoen, zein zaintza mota egiten dudan, zer alda nezakeen,... Eta, horrez gain, hausnarketa politikoagoak ere egiten ditugu, pisu guztia emakumeon gainean jartzen duen eredu hori aldatzeko. Ez da erraza, baina, maila pertsonalean zerbait aldatzeak, beti izango du eragin txiki bat maila sozialean. Horrenbestez, hiru mailatan lan egiten dut: pertsonalean, harremanenean eta sozialean.

Zergatik hasi zinen zaintzaren gaiarekin lanean?

Formakuntza bat egin, eta lan-esparru baten bila hasi nintzen. Nire ingurura begiratu, eta ikusi nuen emakume heldu asko aritzen zirela bilobak zaintzen, edo emakume asko aritzen garela, uneoro, zaintzaren bueltan, zaintza lan zehatzik ez baldin badugu ere. Horrez gain, mugimendu feministako kide naiz, eta zaintzaren kontua betidanik jarri izan dugu zalantzan. Lehenengo, amonen inguruko lan bat egin nuen, mugak jartzeko, ezetz esateko, ardurak kentzeko eta, nolabait, zahartzen ari diren emakume horiek guztiek zaintzan aritu nahi ote duten edo ez erabakitzeko.

Emakumeek, ia bizitza osoa pasatzen dute ingurukoez kezkatuta.

Bai. Norbere etxean hori aldatzen aritzea espero dut. Gertatzen dena da, nire tailerretan parte hartzen duten emakume asko ez daudela ildo horretan: «Ni ondo nago, besteak ondo daudenean» ildoan jarraitzen dute. Ikuspegi hori oso errotuta dago, eta ez da ezer egiten aldatzeko. Gizonak ez dira ezer egiten ari, dagokien zaintzaren ardura hartzeko. Eta, emakumeok desikasi egin behar ditugu, ia automatikoki egiten ditugun zaintza lan horiek guztiak. Izan ere, gizarteak horretara bideratzen gaitu: neska gazteak, emakumeak nahiz emakume helduak zaintzaile izaten jarraitzera. Panpinen zaintzaile, mutil lagunen zaintzaile, senarren zaintzaile, seme-alaben zaintzaile edo gurasoen zaintzaile. Uste dut ez garela rol horiek behar bezala aldatzen ari.

Azken martxoaren 8a inflexio puntu moduko bat izan da, nazioartean, baina grebak bazuen nolabaiteko kontraesan bat: klase ertaineko emakume zuriek zaintza greba egitearen ondorioak.

Bai. Badirudi zaintza lanak ezin direla sekula eten, zeren, zuk zeuk egiten ez badituzu, nork egin behar ditu? Noski, zoragarria zatekeen, M8an gizonezkoak mugitu, eta zaintza ardura guzti-guztiak beraiek hartu izan bazituzten. Eta ziur, kasuan kasuan, halakoak gertatu zirela. Beste hainbat kasutan, ordea, emakumea kalera aterako zen, baina zaintzaz ere arduratuko zen. Oso gai zaila da, zaintzea ez baita gurpilak egiteko makina bat; ezin da eten. Emakumeok zaintza lanak uzten baditugu, eta gizonek egiten ez badituzte, orduan, nork egiten ditu? Estatuak ez du azpiegiturarik zaintzarako, eta petatxuak jartzen besterik ez da ari. Gainera, denok ez gaude ados sustatzen ari diren ereduarekin; galdera ikur asko ditu. Zurrunbilo horretatik atera ezinda, emakumeok jarraitzen dugu zaintzaren ardura hartzen. Hala ere, pausoak ematen eta estereotipoak puskatzen ari gara, eta horietako bat izan zen joan den M8a.

Emakumeek zaintzen dute eta, kasu askotan, emakume jakin batzuek. Genero kontua izateaz gain, klase arazo ere bada?

Galdera zaila da bat-batean erantzuteko, baina, bai, noski, klasismo egoera asko sortzen ari dira, eta laugarren diskriminazio bat gertatzen da hor: matxismoa, arrazismoa, adinkeria eta klasismoa. Emakume zuriok egin nahi ez duguna, edo egin ezin duguna, emakume migratzaileek egiten dute, beren etxean zaintza lan mordoa utziz. Nik uste dut hori arazo klasista bat dela, bai, baina ez klasista bakarrik, ikusi egin behar baita emakume horiek zein lan baldintza dituzten.

Gizartea gero eta zaharragoa izango den heinean, zaintza lanen beharra ere hazi egingo da. Emakumeek beti inertziaz egin izan duten lan horrek hartuko du gizartearen erdigunea? Zein irtenbide izan lezake egoera horrek?

2020an, ni bezalako emakumeok ez dugu zahartu nahiko, gaur egun gizartea zahartzen ari den moduan, gaur egungo zerbitzuekin: makro-egoitzak eta abar. Etorkizunera begira, uste dut pentsatu beharko genukeela nola zahartu nahi dugun, eta iritzi hori gobernuei helarazi. Gai hau hasia da kezka sortzen.

Adineko gehiago eta seme-alaba gutxiago izango dira.

Hori da bestea. Urte askotan, adineko askok jakintzat eman izan dute, seme-alabek zainduko zituztela, baina hori ere aldatzen ari da, adineko pertsonen aldetik: askok esaten dute ez dutela karga bat izan nahi, eta egoitzekin pentsatzen dute. Baina, era beran, gustura geratuko lirateke etxean. Oso gai korapilatsua da.

Oraindik tabu bat al da senideak egoitzetara eramatea?

Ez naiz ausartzen esatera, gaizki ikusia dagoenik. Baina uste dut bi belaunaldi oso desberdinen arteko talka dagoela hor. Adinekoek hezkuntza eta bizitza jakin bat izan dute, eta gazteagoek iraultza feminista bat ezagutu dugu, eta begiak zabaldu ditugu: ez dugu onartzen guk emakumeek zeregin hori bai ala bai hartu behar izatea. Ideien talka bat dago, beraz, eta egokitu egin behar da. Nire iritziz, esaterako, egoitzak aukera ona dira muturreko kasuetarako, baina ez da aukeratuko nukeen zaintza eredua.

Eta, zein litzateke?

Eraikitzen ari gara, beraz, ezin da definitu. Egoitzen ereduak balio ez badit, nirea zein den ikusi nahi dut, eta horregatik lan egiten dut emakumeekin, zaintza eredu egoki baten bila, eta zahartzeko modu egokien bila. Ideala? Ideala litzateke norbera bere etxean geratzea, maite dituen pertsonekin, eta osasun beharrak aseta. Europan badira bestelako zaintza eredu batzuk martxan, komunitate-bizitzari begira. Euskal Herrian hausnarketa horiei ekiten ari gara, eta ikusi egin beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!