Tolosako Herri Kroseko dortsalak eskuragai daude

Ataria 2018ko urriaren 5a

Urriaren 12an korrituko da San Esteban elkarteak antolatzen duen lasterketa.

Tolosako XXXI. Herri Krosa urriaren 12an korrituko da, ostiralean. Behobia Donostiarako test ederra izan daitekeela esan dute antolatzaileek, San Esteban Auzokide Kultur Elkartekoek. Izena emateko epea zabalik dago, Shanti Kirolak dendan 10 eurotan. Dortsala eta kamiseta jasoko ditu apuntatzen denak unean bertan. Horrez gain, egunean bertan izena emateko aukera egongo da Ferialekuan, irteera baino ordubete lehenago. Kasu honetan 15 eurokoa izango da inskripzioa.

Helduen lasterketa 11:00etan hasiko da, San Esteban auzotik. Parte hartzaileek 8,1 kilometroko ibilbide guztiz laua egin beharko dute. Amaieran, lehen hiru gizonek eta hiru emakumeek sariak izango dituzte. Parte hartzaile guztien artean zozketak ere egingo dira.

IV. Elkartasun Txiki Krosa
Helduen krosaren ondoren Tolosako IV. Elkartasun Txiki Krosa korrituko da, 12:00etan. 9 urtera artekoen lasterketa eta 14 urtera artekoena izango dira. Izena ematen duten lehen 200 korrikalarik oparia jasoko dute. Sailkapenik ez da egongo eta parte hartzaileen artean zozketak egongo dira.


Izena emateko edozein eskola materiala eraman beharko dute haur eta gaztetxoek: margolak, errotuladoreak, koadernoak, margotzeko koadernoak, liburuak, puzzleak... Bildutakoa Saharako kanpamenduetan dauden haurrei eramango zaie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!