Biriziklatzeko eskola ibiltaria, bihar arte, Trianguloan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 5a, 10:41
Argazkia: Tolosako Udala

Birziklapenean jaioak gara kanpaina abiarazi zuten, atzo, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; ohitura txarrei eta aurreiritziei buelta eman nahi diete. 

Joan den astean aurkeztu zuen, Tolosako Udalak, Zaindu Tolosa kanpaina, herritarren artean kontzientziazioa pizteko helburuz. Bada, proiektu beraren barruan, Trianguloa plaza hainbat etxolak hartu dute, birziklatzearen pedagogia kalean bertan sustatzeko. Atzo izan zen irekiera, eta bertan izan ziren Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ingurumen zinegotzia eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatua. 

Amantegik azpimarratu zuen, "egoki sailkatzen jarraitu" behar dela. Jarraian, Tolosako bilketan gehien errepikatzen diren arazoak azaldu zituen: besteak beste, organikoaren edukiontzian plastikozko poltsak botatzen dituzte hainbat tolosarrek. Bide horretan, zinegotziak argitu zuen poltsa konpostagarriak erabili behar direla hondakin organikoaren edukiontzian, eta Tolosako Udalak doan eskaintzen dituela: "Urtean 60.000 euroko inbertsioa egiten du udala, poltsa konpostagarriak herritarren eskura jartzeko, eta 24 orduz eskuragarri izaten dira, zezen plaza ondoko edo kultur etxe azpiko makinetan". Azkenik, gaineratu zuen, errefusarekin batera material birziklagarri asko galtzen dela, oraindik, gaur egun. 

Aipatzekoa da, Tolosa, beste hainbat udalerrirekin batera, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen kanpaina batean ari dela. Ontzien %60 biriklatzea eta ekonomia zirkularraren printzipioak sustatzea da helburua. 

Bihar arte, etxolak Trianguloan

Ordezkari politikoekin batera, atzo Tolosako zenbait ikasle ere izan ziren, Birziklapenean jaioak gara kanpaina ibiltariaren aurkezpenean. Erakusketa, jarduera ludikoak eta kanpoko jarduerak eskainiko dituzte, eta bihar izango dute azken eguna. 

Finean, jendeak ez birziklatzeko baliatu ohi dituen aitzakiei buelta ematea da helburua, eta baita birziklatzeko ohitura onak sustatzea ere; panelak eta informazioa baliatuko dituzte horretarako. 

Behin Tolosakoa amaituta, kanpainak izaera ibiltaria izango du, eta Bilbon, Irunen, Gernikan eta Donostian egingo du geldialdia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!