Ardura sentimendua piztu nahi du udalak, herri garbi baten alde

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 3a, 13:57
Patxi Amantegi 'Zaindu Tolosa' kanpainaren berri ematen. TOLOSAKO UDALA

'Zaindu Tolosa' kanpaina aurkeztu dute, ohitura aldaketarantz; bihartik igandera, bi informazio etxola izango dira Trianguloan, herritarrei zuzendurik.

Joan den astean aurkeztu zuen, Tolosako Udalak, Garbiketa Kanpaina Orokor berria: Zaindu Tolosa. Herritarren ardura sentimendua piztu nahi dute, herri garbi baten alde eta, Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak azaldu zuen, ohitura aldaketa sustatzea dutela helburu. Horretarako, udalak hiru arazo nagusiak identifikatu ditu hondakinen esparruan, eta gaur egungo egoera aldatzeko mezuak sortu dituzte.

Animalien gorozkiak, edukiontzietatik kanpoko poltsak eta gozokiak dira kanpainaren jomuga, eta hiru lelok astinduko dute, tolosarren kontzientzia: Mugitu gerria, zurea da ardura!; Goxokia ahoan, estalkia barruan!; eta, azkenik, Izan lotsa, sartu ondo poltsa.

Patxi Amantegi Ingurumen, Obra, Zerbitzuak eta Auzoak saileko zinegotziak «herritarren kolaborazioari» jarri zion azpimarra, kanpainaren aurkezpen agerraldian: «Tolosa garbia ez da gehien garbitzen duena izango, baizik eta gutxien zikintzen duena. Herritar bakoitzak herria garbi mantentzeko bere alea jarriz gero, Tolosan garbitasunaren iraultza lortuko dugu, baliabideen erabilera optimizatuz».

Eta, hain justu, baliabide berri batetik iragarri zuten garbitasun kanpaina berria: txakurrak paseatzeko lehen gune hesitutik, Larramendi auzoan.

Mezu berriek herritarren kontzientzia piztu eta ohiturak aldatzea dute helburu, baina, leloekin batera, sentsibilizazio lana egingo dute, bihartik igandera bitarte, Trianguloa plazan jarriko dituzten bi etxolek. Bertan, hiru lan-ildo garatu nahi dituzte: pedagogikoa, ludikoa eta kanpo jarduerena. Horrela, beraz, tolosarrek modu aktiboan parte hartzeko jardueratxoak antolatuko dituzte aipaturiko etxola horietan. Batetik, «jendeak ez birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango diete», Amantegik azaldu zuenez. Bestetik, «hobeto birziklatzeko, edukiontzi bakoitzean zein hondakin mota utzi behar den» azalduko diete herritarrei.

400 KILO BIZTANLEKO

Tolosan 7,5 milioi kilo hondakin jasotzen dituzte urtean: 400 kilo biztanleko. Hori guztia biltzeko 70 edukiontzi gune daude herrian, eta kanpaina berriaren bitartez gune horiek guztiak garbi mantendu nahi dituzte: «Garbiketaren logistikan poltsak biltzeko zerbitzua indartuko dugu eta, bolumen handieneko orduetan, berriz, garbitzaile bat ariko da, puntu garrantzitsuenetan, eremuak txukun mantentzen».

Ingurumen zinegotziak azaldu zuen, Tolosako birziklatze tasa %70ekoa dela gaur egun, eta «oinarrizko hiru aldagai» behar direla, portzentajea igo dadin: «Baliabide egokiak, hezkuntza eta kontzientziazioa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!