Errezeta garbiak eta errazak ekarri ditut txoko honetara, guztiok egiteko modukoak. Azokatik bueltatxo bat egingo dugu, zer dagoen ikusi, erosi eta horrekin prestatuko dugu errezeta. Bertako produktuak erabiliz eta garaian garaikoak.
Ia bukatzear daude kasu honetan, baina tomatea ekarri nahi izan dut lehen errezeta honetara, nire gustukoenetako bat delako. Aurten kosta zaio hastea baina irailean puri-purian izan da. Gehienetan entsaladan edo tomate saltsa egiteko erabiltzen dugu edo salmorejo baterako, baina gaurkoan errezeta bereziago bat ekarri dut baina errez-erreza da egiteko.
Ohikotik urrundu eta arrozez betetako tomateak prestatuko ditugu. Pixka bat handiak aukeratuko ditugu tomateak arrozez bete ahal izateko.
Tomate bakoitzari goiko zatia kenduko diogu, eta baita barruko haragia eta hazitxoak ere. Barruko guztia gorde egingo dugu, dena aprobetxatuko dugu eta. Labana batekin, eta koilara batekin lagunduz, erraz garbitu edo hustuko dugu tomatea.
Kazuelatxo bat hartuko dugu eta bertan oliba olioa jarriko dugu. Tipulina xehe-xehe eginda gehituko diogu, eta baita piper berdea ere. Tomateari kendu diogun barruko haragi guzti hori ere botako diogu, eta baita azafrai pixka bat ere. Azafraia arrozari kolore eta zapore pixka bat emateko erabiliko dugu. Su epelean erregosiko dugu guztia.
Arroza gehituko diogu. Arroz ezberdinak erabili ditzakegu. Arroz zuria, bonba itxurakoa da normalean etxe gehienetan erabiltzen dena, eta bakoitzak bere denbora du baina 20 bat minututan egosten da. Arroz luzea, basmatia,... Nik normalean integrala erabiltzen dut, eta integralarekin egin nahi izanez gero komeni da aparte egostea. Nik presioko eltzean egiten dut 40 bat minutu behar dituelako eta gero zartaginera gehituko dugu arroza barazkiekin nahasteko.
Puntu berezi bat nahiko bagenu, arroz basatia dugu edo beltza ere izango genuke.
Arrozari oilasko bularkia edo hegaluzea esaterako, gehitu ahal dizkiogu, bakoitzaren gustuen araberakoa da, eta horrela gure arroza beteagoa eta zaporetsuagoa izango litzateke.
Labea 170 gradutan berotzen jarriko dugu, eta tomateak arrozarekin beteko ditugu. Labean sartu aurretik, Idiazabal gazta xehatuko dugu, eta tomateari botako diogu.
Labean, 5-10 minutu sartuko ditugu gehienez jota. Tomatea berotu, eta gazta birrintzeko.
Platerean letxuga hostoak julianan moztuta jarriko ditugu eta gainean tomatea jarriko dugu. Gatz puntu bat botako genioke eta jateko prest dago.
OSAGAIAK
· Lau tomate, pixka bat handiak.
· 100 gramo arroz
· Tipulin erdi bat
· Piper berde bat
· Baratxuri bat
· Azafraia
· Idiazabal gazta
· Oliba olioa
· Gatza
· Letxuga orri batzuk