Emari Coworking Guneko sei proiektuak

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 21a, 20:17

Orientatic
Sustatzailea: Mertxe Gordillo (Tolosa)
Orientatic enpresak IKT buruzko orientazioa eskaintzen du bizitzako arlo guztietan: arlo pertsonalean eta profesionalean. Ekintzailearen helburua sare sozialak, interneta eta teknologia orokorrean nola erabiltzen den erakustea da. Prestakuntza eta orientazio zerbitzuak eskainiko ditu batez ere, prestakuntza praktikoa eta erabilgarria. Enpresak, familiak, eskolak edota irakasleei zuzendua.

Simbiosiz
Sustatzailea: Irati eta Izaro Ezeiza (Tolosa)
Arkitektura, herrien antolamendua eta bizia, etxebizitza duina, eraikuntza, pertsonen arteko harremanak, jabetza ereduak eta ekologiaren inguruan buruan dituzten hainbat kezka, datu, ezagutza eta ideia batzearen emaitza da. Proiektu honek pertsona zein entitateen arteko harremana sustatuz, etxebizitza duinen premia hornitzea, etxebizitza hutsen berrerabilera bultzatzea eta elkarbizitza zein elkarlan sinergiak sortzea du helburu.

HSI Hizkuntza Zerbitzuak
Sustatzailea: Irati Hartsuaga (Tolosa)
Itzulpengintza, interpretazio eta komunikazio zerbitzuak eskainiko ditu. Gero eta ohikoagoa da saltoki, taberna eta askotariko zerbitzu enpresek web orriak eta sare sozialak izatea, eta euren kabuz edota branding enpresa baten bitartez kudeatzea. Bitarteko horiek eguneratuta mantentzeko ikusizko eta idatzizko edukiak sortzen dituzte etengabe, eta horra bideratu nahi du negozioa: hau da, sare sozialetarako eta Interneterako eduki sorkuntzara edota eduki horien zuzenketara.

Servicio internalización
Sustatzailea: Jon Mikel Merino (Donostia)
Enpresei laguntzea nazioartekotzean edo Komertzial alorrean efizienteagoak izateko. Zerbitzuak: merkatuko ikerketak, prospekzioko bidaiak, komertzial trebakuntza eta erakus-azoka antolakuntza.

Egia aholkularitza zerbitzuak
Sustatzailea: Gorka Egia (Tolosa)
Udal, erakunde publiko eta enpresa publikoentzako aholkularitza zerbitzua izango da. Aholkularitza zerbitzu hau jasangarritasuna, solidaritatea, parte hartzea, gardentasuna eta justizia sozialean oinarrituta. Balio hauen sustapena helburu izango du eta herrietan balio hauek sustatzeko ekintza planak salduko ditu.

Benio
Sustatzailea: momentuz ezin da argitara eman lan-kontuengatik.
Pertsonen kudeaketarako softwarearen garapena eskaintzen du, ordainsari malgua kontzeptu edo aldagai berritzaile bezala txertatuz. Bezeroak: tamaina ertain eta erdiko enpresak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!