Ohitura berrietara egokitu nahi du Bedaioko Mendi Martxak

Ataria 2018ko irailaren 20a

Bedaio Ezagutuz mendi martxa udaberrian eta igandez egin ohi bada ere, antolatzaileek urtaroa eta eguna aldatzea erabaki dute; datorren larunbatean, hilaren 29an izango da.

Duela 12 urte hasi zen Artubi Elkartea Bedaioko Mendi Martxa antolatzen, izen bereko mendiaren magalean, Aralar inguruko mendi, zelai eta basoez gozatzeko helburuarekin. Bada, aldaketarako garaia dela ondorioztatu dute antolatzaileek.

Parte hartzaileen aniztasuna ikusirik, bi ibilbide prestatu dituzte azken urteotan bezala. Bata luzea, 24 kilometrokoa, Artubira igotzen dena. Ibilbide hori egitea hautatzen duten mendizaleak 07:30ean irtengo dira Bedaioko frontoitik. Bestea, ibilbide laburra izango da, bereziki familiei zuzenduta dagoena. 17 kilometroko luzera du, eta beste ibilbidearen antzekoa bada ere, kasu honetan ez dute Artubi igo beharko. Hauentzat 09:00etan izango da irteera.

Bi ibilbideetan zehar, anoa guneak jarriko dituzte, freskagarri eta jakiekin. Proba amaieran, gainera, pintxo eta freskagarriak izango dira frontoian. Zozketak ere egingo dituzte parte hartzaileentzat.

Izen ematea zabalik dago, www.bedaio.com webgunean edo mendimartxa@bedaio.com helbidera idatziz, irailaren 26ra arte, 10 euroren truke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!