«Lehen aldiz banderatxo bat jarri dugu batel irabazlearentzat»

Asier Imaz 2018ko ira. 14a, 08:46

Azken kontuak lotuz, buru-belarri ari da Josune Sanz (Tolosa, 1975) biharko egunaren prestaketan. Lizardirekin arraun egitea ere tokatuko zaio.

Elkartasun estropadak nondik sortu ziren?

Txinparta elkarteko bazkide batzuen ideia izan zen. Sanfilippo gaixotasuna duen Oier haurraren kasua ezagutzen zuten, eta berari laguntzeko zerbait egin beharra ikusi zuten. Diruz laguntzeko elkarte guztien artean zerbait egitea proposatu zuten, eta hortik sortu zen elkartasun festa hau.

Lehen urtean parte hartze handia lortu zenuten.

Antolatzaile lanetan 18 elkarte ibili ginen, nahiz eta estropadan 16 atera. Harreman hori mantentzea interesgarria zela pentsatu genuen, ez bakarrik beste elkarteei elkartasuna adierazteko, baita gure artean laguntzeko ere, egunerokotasunean: elkarteen legediak direla, funtzionamendua dela edo emakumeen parte hartzearena kasu.

Aurtengoa bosgarren edizioa izango da. Parte hartzeak beheraka egin duela ikusten da.

Egia da estropadan batel gehiago nahi genituela, baina ez da erraza arraunerako prest dagoen jendea aurkitzea. Aiz Orratz eta Oargi antolatzaile lanetan aritu dira, baina ezin izan dute taldea osatu. Hurrengo urtean gustatuko litzaiguke elkarte gehiago izatea.

Zergatik aukeratu duzue aurten Tolosaldea Sahararekin Elkartea?

Hiru proposamen genituen, eta bi bertan behera geratu zitzaizkigun. Tolosaldea Sahararekin elkarteak izugarrizko lana egiten duela iruditzen zaigu; bereziki bertako haurrekin. Familiak ez daudenean haur horiek nonbait egon behar dute, eta ekonomikoki babesa behar izaten dute.

Ekarpen xumea da zuena, nola egin daiteke bat?

Udalaren laguntza jasotzen dugu eguna antolatzeko, gero bazkaria egoten da. Horrekin batera elkartasun pintxoa ere badago. Horrez gain, norbaitek bestelako ekarpenen bat egin nahiko balu gurekin hitz egin dezake.

Elkartasuna bai, baina baita festa ere. Nolakoa izango da?

Estropadekin hasiko gara. Goiz osoan zehar Tolosaldea Saharako kideak Zerkausian egongo dira beraien produktuak eskaintzen. Pintxo dastaketa euro eta erdian egongo da, edaria barne. Bazkarian, 100-200 inguru elkartu ohi gara, eta musika aurten Udaberrikoen eskutik joango da.

Zergatik aukeratu zenuten arrauna festaren ardatz bezala?

Tolosan elkarteen arteko estropadek fama handia zuten. Txikia nintzela ni ere hor egoten nintzen Oriara begira. Agustin Pagola egun horiek nola bizitzen zituzten kontatzen aritu zitzaigun, eta berreskuratzea polita izango zela pentsatu genuen. San Joanen inguruan izaten zen eta horrela hasi ginen, baina data horietan ezinezkoa da, ekitaldi piloa daudelako.

Zuen artean saltsa izango duzue, ezta?

Aurten lehen aldiz banderatxo bat eramango du irabazleak. Gure arteko pike sano horiek hor egongo dira. Polita izango da.

Prestaketa nola joan da?

Uztaila inguruan hasi ginen entrenamenduekin, talde guztiak egun berdinetan. Elkarri laguntzen ibili gara, eta giro oso ona izan da gure artean. Abuztu amaieran berriro atera ginen uretara. Tolosaldeko Arraun Klubekoen laguntzarekin dena prest daukagu larunbaterako.

Erlazionatuak

Sahararen alde arraunean

Asier Imaz 2018 ira 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!