Sahararen alde arraunean

Asier Imaz 2018ko ira. 14a, 07:55

Herritarrak arraunean jarriko dira bihar Saharari elkartasuna adieraziz. Sei batel aterako dira Oria ibaira, Tolosako sei elkarte ordezkatuz. Ezohiko arraunlariak izango dira, baina azken hilabeteetan gogor saiatu dira. Bihar, Kontxako Bandera irabaztera joango balira bezala botako dute izerdia.

Duela lau urte hasi ziren Elkartasun Estropada antolatzen Tolosan, elkarteen artean. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da. San Esteban, Lizardi, Emendek, Udaberri, Batasuna, Txinparta, Oargi eta Aiz Orratz ibili dira elkartasun eguna antolatzen. Azken bi hauek ez dute batela osatzerik lortu, baina ez da dena estropada izango biharkoan. «Tolosako elkarteok festa egun bat antolatu dugu, elkartasun helburuz. Gure arteko topagune bat sortzen hasi ginen eta, ezinbestekoa iruditu zitzaigun, urtero ondo pasatzeko hitzordu bat prestatzea», azaldu dute elkarteetako ordezkariek.

Stop Sanfilippo, Afestta, Pausoka eta Zutani elkarteekin egin bezala, larunbateko irabazi ekonomikoak Tolosaldea Sahararekin elkarteari bideratuko dizkie.

Estropada 11:00etan

Arraunlariak lanean 11:00etan hasiko dira. Azken urteetako sistema bera errepikatuko da. Tolosaldeko Arraun Klubeko kideen laguntzaz, sei talde ariko dira lehian, eta talde bakoitzak bi txanda jokatuko ditu, bi ziabogekin. Bi txandetako denborak batuta kronorik onena eskuratzen duten bi batelek, finala jokatuko dute ziaboga bakarrera. Batelak uretan dabiltzan bitartean, herritarrek mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute Zerkausian. Festak jarraipena estropadak amaitutakoan izango du.

Jarraipena: 'ataria.eus'-en

Uretan hasiko da bihar elkartasun festa, baina jarraipena lehorrean izango du txaranga doinuekin. 12:30ean kalejira hasiko da Tolosako kaleetan barrena. Arraunlariak eta festazaleak Zerkausian elkartuko dira 14:00etan. Herri bazkaria bertan izango da. Bazkalostean, txarangaren doinuek eta kalejirak jarraipena izango du, berriro Tolosako kaleak zeharkatuz. Antolatzaileek herritarrak eta ingurukoak estropada jarraitzera eta festara gonbidatu dituzte.

Estropadak eta egunak ematen duena TOLOSALDEKO ATARIA-ren webgunean jarraitzeko aukera izango da biharkoan. Ataria.eus-ek, ekimenarekin bat eginaz, jarraipen zabala emango dio V. Elkartasun Estropadari.

EGITARAUA

IRAILAK 15, LARUNBATA

11:00. Estropadak. Sei batel ariko dira lehian Oria ibaian: San Esteban, Lizardi, Emendek, Udaberri, Batasuna eta Txinparta. Elkarte hauekin batera antolatzaile lanetan Aiz Orratz eta Oargi ibili dira.

12:30. Tolosako kaleetan barrena Udaberriko musikariekin kalejira.

14:00. Zerkausian herri bazkaria.

17:00. Tolosako kaleetan barrena Udaberriko musikariekin kalejira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!