Lau gau eta hogei garagardo hartuko ditu Zerkausiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 12a, 09:04

TAKEk laugarrenez antolatu du, aurten, garagardo azoka; berrikuntza nabarmenik ez da izango, eta DJek girotuko dituzte ostiral eta larunbat gauak

Bihar hasiko da Tolosako garagardo azoka eta, igandera bitarte, Zerkausia festaren lapiko bilakatuko da, beste behin. Tolosako Adiskideok Kirol Elkarteak (TAKE) laugarrenez antolatuko du aurtengo azoka, eta prest dute garrantzitsuena: «6.500-7.000 litro inguru ekartzen ditugu urtero», azaldu dute Mikel Lakunza eta Josu Perurena TAKEko kideek.

Berrikuntza nabarmenik ez dute txertatu aurten, baina mus txapelketa egunez aldatzea erabaki dute, larunbatetik igandera. Modu horretan, parte hartzaile kopurua igotzea eta igande arratsaldeari pizgarri bat eskaintzea lortu nahi dute. 16:00etan hasiko da karta-jokoa, eta izen-ematea zabalik dute jada.

Gainerakoan, Tolosako garagardo azokak betiko eskemari helduko dio. Ostegun eta igandean, 18:00etatik gauerdira bitarte izango da zabalik, eta ostirala eta larunbata izango dira, Zerkausia parranda giroz beteko duten egunak. «Azken urteotan, pitxopotearekin, ostegunean ere oso giro polita izaten da, baina goizago ixten dugu», diote. Ostiral eta larunbatean, ordea, 01:00-02:00 ingurura bitarte zabalik izango da barra, eta musikak berotuko du Zerkausia, DJ Jotatxoren eta DJ Bullen eskutik.

Garagardoaren festan protagonistarik baldin bada, dena den, hori garagardoa da, ezinbestean. Eta, aurten ere, 7.000 litro horien artean, hogei dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: «Garagardo arruntak eta bereziak txertatu ditugu kartan, eta alkoholik nahiz glutenik gabeak ere izango dira, bezero guztien neurriko eskaintza osatu nahi izan baitugu».

Ahoz ahokoaren indarraz, garagardo batzuk azkar bukatzen dira urtero, ukondoa bezalaxe. Azokako jaki izarra baita, zalantzarik gabe, eta datozen egunetan ere labea lanez lepo izatea aurreikuste dute: «Batzuetan, iganderako larri ibiltzen gara, eta iluntzerako ez zaigu ukondorik geratzen, baina hori seinale ona da».

LAN HANDIA, BAINA BEHARREZKOA

TAKEk garagardo azoka lehenengoz antolatu zuenetik, antolakuntza findu dutela diote kideek. Hala ere, lau eguneko festak 30 pertsonako lantalde baten antolakuntza eskatzen dio, saskibaloi taldeari.

Zalantzarik ez dute: «Lanak eta eginbeharrak banatzea da gakoa». Eta, «lan ikaragarria» sortzen dien arren, garagardo azoka sostengu garrantzitsua bilakatu da, TAKEren harrobia behar bezala garatzeko: «Balorazio positiboa egiten dugu urtero, azokak gaitasuna ematen baitigu, urte osoan barrena, klubeko talde guztiei beharrezko baliabideak eskaintzeko. Lan handia da, baina irabazi ekonomikoak ere bai».

Garagardo azokako etekin materialarekin batera, ordea, Lakunzak eta Perurenak taldea sendotzeko hitzordutzat dute irailekoa: «Antolatzen ikasteko balio du, eta taldean lan egiten, denona den helburu baten alde. Hori ere beharrezkoa da, harrobiari begira».

KARTA

Ambar Especial. Arrunta. Horia, 4,8 gradu (Espainia).
Ambar Radler. Arrunta. Limoiarekin, 3 gradu (Espainia).
Marlen. Arrunta. Horia, 5,8 gradu (Espainia).
Ambar 0,0. Arrunta. Horia, 0 gradu. (Espainia).
Bitburger. Berezia. Horia, 4,5 gradu (Alemania).
Moritz. Arrunta. Horia, 5,4 gradu (Espainia).
Moritz Epidor. Berezia. Gorria, 7,2 gradu (Espainia).
Spaten. Berezia. Horia, 5,2 gradu (Alemania).
Hoegarden. Berezia. Garia/txuria, 4,9 gradu (Belgika).
Licher. Berezia. Garia, 5 gradu (Alemania).
Gravensteiner. Berezia. Horia, 5,2 gradu (Alemania).
Leffe Blonde. Horia, 6,6 gradu (Belgika).
Leffe Rose. Gorria, 5 gradu (Belgika).
Leffe Brune. Gorria, 6,5 gradu (Belgika).
Ambar Export. Berezia. Gorria, 5 gradu (Espainia).
Tennent´s Lager. Berezia. Horia, 4 gradu (Eskozia).
Tennent´s Extra. Berezia. Horia, 9,3 gradu (Eskozia).
Tennent´s Stout Berezia. Beltza, 4,7 gradu (Eskozia).
Tennent´s Ipa. Berezia. Indian Pale Ale, 6,2 gradu (Eskozia).
Kostritzer. Berezia. Beltza, 4,8 gradu (Alemania).

PREZIOAK

Pitxarra. Euro 1.
Garagardo arrunta. 3 euro.
Garagardo berezia. 4 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!