Hasteko, gol zaparradak

Ataria 2018ko ira. 10a, 14:57

Joan den urteko Tolosa eta Beti Gazteren aurkako neurketako irudi bat

Tolosako lehen bi taldeek gol ugariko garaipenekin hasi dute denboraldia: mutilen taldeak 5-1 irabazi du Beti Gazteren aurka, eta ligako lehen liderra da; neskak 0-4 gailendu dira Mariñoren aurka.

Denboraldi berria hiru puntuak eskuratuz hastea beti izaten da garrantzitsua, batik bat, taldearen konfiantza sendotzeko. Bide horretan, Tolosak ezin hobeto hasi du aurtengo sasoia: joko oneko minutuak, gol ugari, hiru puntu, eta, mutilen kasuan, lidertza. Ezin gehiago eskatu.

Gol festa Berazubin

Mutilen lehen taldea 5-1 nagusitu da lehen jardunaldian, baina emaitzak erakusten duena baino gehiago borrokatu behar izan zutela nabarmendu du Ander Avellaneda entrenatzaileak. «Lehen 20 minutuetan gehiago kosta zitzaigun, gola egin arte».

Urdinen eraginkortasunak puskatu zuen ordura arteko oreka. Zubelzuk, egin zuen arratsaldeko lehen gola, buruz, 21. minutua betetzear zela. Hurrengo minutuan gola sartu zuten nafarrek, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen, falta argi baten ondorioz. Atsedenaldiaren aurretik, 40.ean, Zubeldiak bigarrena egin zuen, Aierberen jokaldi eder bat baliatuz. Garaipena bideratua zuen Tolosak.

Bigarren zatian, nekea medio, joko zuzenagoa egitera pasa zen etxeko taldea. 62. minutuan Lecea atezainaren aurrean bakarrik geratu zen, eta ez zuen hutsik egin, 3-0ekoa lortuz. Bost minutu beranduago, ordea, nafarrek tartea murriztu zuten, Konderen bitartez.

Azken minutuetan gol festa biribildu zuen Avellanedaren taldeak. Mansok egin zuen 4-1ekoa, bizkarrez erremate ikusgarria eginda, eta neurketako azken minutuan Segurolak bosgarrena sartu zuen kontraerasoan.

Pozik da Avelaneda emandako hasierarekin, are gehiago, taldearen gaztetasuna kontutan hartu eta gero: «Hasierako hamaikakoak 21 urteko bataz bestekoa izan zuen larunbatean. Hori ikaragarria da. Banuen beldur pixka bat, baina taldeak bikain erantzun zuen», dio. Besteak beste, lehen taldearein debuta egin zuten golegiletako bik, Zubeldiak eta Asier Leceak, baita eskuin hegaleko Oterminek ere. Vecino eta Segurola ere urtebetez kanpoan izan ostean, taldera itzuli dira eta lehen minutuan jokatu zituzten.

Datorren astean, igo berria den Elgoibar izango dute aurkari tolosarrek. «Zarautzen aurka 0-1 irabazi zuten lehen jardunaldian. Zelai konplikatua da, eta garaipenaren ondoren, eta beraientzat maila berria dela ikusita, ilusioz izango dira. Zaila izango da».

Kontrolpean

Neskek ere bikain hasi dute denboraldia. Etxetik kanpo erakustaldia eman zuen Imanol Caverok zuzendutako taldeak: 0-4 gailendu zen, Mariñoren aurka.

Berehala jarri ziren aurretik markagailuan. Bosgarren minuturak, Maddi Garikanok 0-1ekoa sartu zuen, etxeko taldeko defentsari bizkarra hartu eta atezainaren aurrean bakarrik gelditu eta gero.

Caverok ondorengo minutuetan egindako joko ona nabarmendu du, izan ere, 25. minuturako 0-3koa zen emaitza. Ainhoa Bengoetxeak egin zuen bigarrena, baloia lapurtu eta erdiraketa egin ostean buruz errematuta. Hirugarrena ere Garikanok lortu zuen, korner batean.

Bigarren zatiko lehen minutuetan lortu zuen laugarren gola Tolosak. Korner bateko alderaketa aprobetxatu zuen Izaro Goenagak arratsaldeko azken gola egiteko. Hortik aurrera, aldaketak egin eta erritmoa jaitsi zuen talde urdinak, dagoeneko datorren asteko Elorrioren aurkako neurketan pentsatzen hasiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!