«Atzerrian egonda ere, bisitariak etxean sentitzen dira Tolosan»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ira. 6a, 10:09

Giulia Zatelli Bide Bide hoteleko langilea da, eta establezimenduaren lehen uda bikaina izan dela dio; bisitariek Tolosaren historia eta bizitza maite dute.

Zer moduz joan da uda?

Oso ondo. Uda osoan beteta izan dugu hotela, eta oraindik ere deiak jasotzen ditugu, gelak libratzen direnean jakinarazteko eskatuz. Bezeroek oso harrera ona izan dute hotelarekiko eta asko gustatu zaie. Hotel berria da, beraz, abantaila hori du: dena da berria eta polita. Horrez gain, bezeroei asko gustatu zaie Alde Zaharraren aldamenean hotel berri bat izatea. Sarreran museoak utzitako txotxongilo batzuk ditugu, eta goian euskal artisten zenbait koadro ere bai. Dena pentsatuta dago, bezeroen egonaldia ahalik eta biribilena izan dadin. .

Bisitaria zeren bila iristen da Tolosara?

Esango nuke bi turista mota daudela. Turista batzuek Tolosan hartzen dute ostatu, Donostia oso garestia delako eta, gainera, Tolosa hiriburua baino leku lasaiagoa delako. 20 minutuan, oso eroso irits daitezke Donostiara, eta oso leku handietatik datozenentzat, Tolosa Donostiaren auzo baten modukoa da, gertutasunagatik. Bestalde, ordea, badira landa-turismoa egin nahi duten bisitariak ere; hiriburuetara joatea saihesten dutenak. Horiek herri txikiago batean hartu nahi izaten dute ostatu, bertako bizitza gertuagotik ezagutu eta ulertzeko.

Behin lotarako lekua Tolosan izanda, nola antolatu ohi dute egonaldia?

Aipatzekoa da, bisitari batzuk zein besteak harrituta geratzen direla, Tolosak duen biziarekin; eta hori, uda tolosarra garai lasaiena denik. Jarduerei dagokienez, Tolosako bisita gidatua egiten dute askok, eta herriak duen historiak ere harritzen ditu. Egia esan, Tolosak asko du eskaintzeko, egitasmoz jositako herria baita; turistek eskertu egiten dute halako ezaugarriak dituen inguru bat ezagutzea. Paseoan ibiltzea gustatzen zaie eta, jendetzarekin topo egin beharrean, bertako herritarrekin gurutzatzea. Izan ere, Donostiakoa masa-turismo bilakatu da denbora gutxian, eta jendetza izugarria izaten da beti; horrek, nolabait, berezko izaera deuseztatzen dio hiriari. Aldiz, Tolosan, turistek leku desberdin bat ezagutu dezakete, hizkuntza berri bat entzunez. Euskararekin zoratu egiten dira bisitari asko, eta jakin-min handia pizten die. Atzerrian egonda ere, etxean sentitzen dira hemen.

Tolosaz gain, eskualdea eta haren inguru naturala ere bisitatzen al dituzte?

Bai. Zenbait turista mendian ibiltzeko prest iritsi dira udan, eta inguruko tontorrak ezagutu dituzte: batez ere, Hernio, Uzturre eta Txindoki. Dena den, uste dugu udazkenean jende gehiago bertaratuko dela mendi jardueren bila; udan, oporraldi lasaiagoa nahi izaten du, oro har, jendeak.

Zein jatorritako bisitariak izan dituzue?

Datu zehatzik ez dut eskura, baina, batez ere, Espainiako turistek hartu dute ostatu hotelean. Dena den, Norvegia, Brasil, Japonia nahiz Txinako bisitariak ere izan dira udan.

Zuk zeuk aipatu duzu, Tolosan udazkenean hasten dela goi-denboraldi. Bisitariak espero dituzue datorren hilabeteotan?

Egia esan, data jakin batzuetarako hotela beteta daukagu jada: abesbatza lehiaketa edo Behobia-Donostia lasterketa, adibidez. Babarrunaren nahiz txuletaren festetarako ere jende asko etortzea espero dugu. Eta, inauteriei begira, oraindik ez dugu erreserbarik jaso, baina pentsatzen dut udazkenean sartzen garenean, lekuak betetzen hasiko direla.

Erlazionatuak

Sekretua: gertu eta lasai

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 ira 06 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!