Sekretua: gertu eta lasai

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko irailaren 6a

Argazkia: Chroma Branding

Eskualdeko bisitari kopurua hazi egin da udan eta, batez ere, Tolosako interesguneek jaso dute gorakada horren oihartzuna

Opor denboraldia artean amaitzeko zegoela, udako turismo joeraren lehen termometro izan zen, Gipuzkoako apartamentu turistikoen inguruko datua: haien erabilerak gora egin du eta, ondorioz, bisitari kopuruak ere bai.

Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak bihar bertan plazaratuko ditu, aurtengo udak eskualdean emandako zenbaki eta portzentaje zehatzak, baina, datuak xehatu gabe ere, garbia da bisitarien igoera: «Larraizko turismo bulegoan zertxobait jaitsi da kopurua, baina Tolosako bulegoan bisitari gehiago izan ditugu iaz baino», azaldu du Tolosaldea Garatzeneko teknikariak. Besteak beste, Alde Zaharreko nahiz azokako bisitak erakartzen ditu turistak, eta udalak antolaturiko Santa Mariako bisitak ere harrera ona izan du. «Gehienbat, gastronomiaren eta kulturaren bila bertaratzen dira bisitariak, eta bikote eta familiak izan ohi dira, gehienetan», diote garapen agentziatik.

Hain justu, horixe da Carlos eta Marina bikote kataluniarraren kasua. Tolosako Bide Bide hotelean hartu dute ostatu, eta sei eguneko egonaldia egingo dute: «Marinak ez zituen inguruok ezagutzen, eta hau nahiz kostaldea bisitatuko ditugu. Etxean bezala sentitzen gara hemen, eta dena gustatzen zaigu: mendia, kultura, gastronomia,...».

Jaki eta ohiturak ezagutzera bertaratzen direnen jatorriari dagokionez, Espainiako turisten igoera nabarmena izan da Tolosan: «Bikoiztu egin da bisitari espainiarren kopurua».

Masa-turismo eta jendetzetatik aparte, badirudi gertu eta lasai bizitzea dela, Tolosaldeko udaren sekretua.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!