Datorren larunbata sorburura itzultzea izango da Glaukoma musika taldearentzat. Izaskun auzoko jaietan ariko dira, Kalimaren urtebeteko birarekin jarraituz, eta «ospakizun gaua» izatea espero du Juantxo Arakama (Tolosa, 1989) taldekideak. Hain justu, glaukomatarrak auzoko jaietako kantua grabatzeko sartu ziren, lehen aldiz, estudio batean, eta orduko sua piztuta dute oraindik.
Azken txanpa iragarri duzue, 'Kalima'-ren birarako. Zer moduz doa?
Luze, alde batetik; larunbatean urtebete beteko da bira Tolosan hasi genuenetik. Dena den, gu oso pozik gaude, kontzertuetan jendea oso ondo erantzuten ari delako eta kontzertuak ondo ateratzen ari direlako. Balorazioa oso positiboa da, beraz.
Diskoak ere oraintxe bete du urtea. Zer ekarri dio 'Kalima'-k Glaukomari?
Diskoarekin hasi aurretik, Kalimak gauza asko ekarri zizkion taldeari. 13 kantuko diskoa osatu genuen, eta horrek beste proiektu mota batean aritzeko aukera eman zigun; geure buruari horretarako gai garela demostratzekoa ere bai. Horrez gain, biran hasi garenean, ikusi dugu Kalimak aukera eman digula, birako kontzertu asko guk nahi izan dugun bezala antolatzeko. Adibidez, bira hasiera Euskal Herriko aretoetan barrena egin genuen, baina guk geuk alokatzen genituen aretoak, eta gure adiskideekin eta gure inguruko taldeekin jotzea erabakitzen genuen.
Sendotu egin zaituzte diskoak?
Alde batetik bai eta, beste alde batetik, akaso, kontrakoa [barreak]. Egia da esperientzia pilatzen ari garela. Bira honetan 60 kontzertutik gora eskainiko ditugu, eta kontzertu potenteak izan dira asko. Duela lau urte ere kontzertu asko pilatu genituen, baina azken bira honetan presio handiagoa sentitu dugu, beharbada. Geure buruari askoz ere gehiago eskatzen diogu orain, eta zentzu horretan sendotu garela esango nuke.
Glaukomaren izena duela lau urte baino ezagunagoa da, orain, eszenan. Horrek ere eragiten du presioa?
Vol. 2 diskoaren birara arte, askotan, beste talde batzuen aurretik aritzen ginen. Kalimarekin, ordea, ez gara telonero izan, gu ikustera etortzen da jendea, eta horrek presioa areagotzen du; gugana datorrena gustura joatea nahi dugu, eta horretarako kontzertu onak eskaini behar dira. Beti izaten dira akats txikiak eta, akaso jendeak nabarituko ez dituen arren, gu hori guztia txukuntzen saiatzen gara.
Belaunaldi berriak rap-reggae musikaren suspertze bat ekarri al du?
Moro Bad Sound Systemeko lagunak esaten duen bezala, birsortze bat gertatzen ari da. Duela urtebe, Kalima argitaratu berritan egindako elkarrizketetan, jada aipatzen genuen zerbait horri buruz. Tolosaldean ikusten genuen berpizte moduko bat, Anoetan adibidez. Tolosan ere, gazte lokalen kanpoaldetik pasatu eta reggae musika entzutea normala da orain. Azken urtean hori areagotu egin dela uste dut: iaz bezala, aurten ere Anoetako festetan sekulako festa izan zen, eta sound system berri bat sortu dute, Anoetako Gaztetxean. Ibarran ere, Little Martin aritu zen musika jartzen; gaztetxea leporaino bete zen, eta bertaratu zen jendea horretara bertaratu zen. Honezkero badakite pull up-ak eskatzen, gazteak jokoan sartzen ari dira, eta ulertzen dute mundu hori guztia.
Elkarrizketa batean zuk esana da, rock-and-rollak ez dituela gaur egungo gazteen beharrak asetzen. Zergatik?
Salbuespenak badira, noski, baina, oro har, gaur egungo gazteen musika estilo nagusia ez da rock-and-rolla. Eta hori ez diot nik bakarrik; edozein rockerok gauza bera esango du, eta rock kontzertuetan ere nabarmena da zein adin tarte nagusitzen den. Hori zergatik den? Ez dakit. Mundua aldatu da, industriak proposatzen duena aldatu da eta, halabeharrez, jendearen nahia ere bai. Izan ere, jendeari ez zaio nahi duena ematen, alderantziz da: jendeak aurrez bideratutako zerbait nahi izaten du. Horregatik guztiagatik, musika ere aldatu egin da, irratietan entzuten diren ekoizpen handienak elektronikoak dira, eta rock-and-rolla bezalako soinuak baztertuago geratu dira. Talde batzuek indarra dute oraindik, baina nazioartean bestelako estiloak gailentzen dira.
Izaskungo festetan zuen jatorrira itzuliko zarete, nolabait. Gogotsu?
Ni bai, behintzat; orduak kontatzen ia-ia. Oso berezia da bertan jotzea, taldeko tolosarrok antolakuntzan ere urtero ibili izan baikara. Gainera, presio puntu handiagoa izango dugu, betidanik ezagutzen gaituztelako, eta guztia ondo egin nahi dugulako. Oso pozgarria da bira honetan Izaskundik pasatzea eta, kasualitatez izan baldin bada ere, Gipuzkoan eskainiko dugun azken kontzertua izango da. Ospakizun gau bat izatea espero dugu, beraz.
2018tik nola ikusten duzu Sputnik 11 bilduma hartako Glaukoma?
[Barreak] Zenbait gauza garatu egin direla ikusten dut, ez garela hain inozoak. Baina, oraindik ere, kontzertu bat prestatzeko lokalean sartu, eta ordu erdia galtzen dugu inprobisatzen, gelditu ezinik. Momentu horietan nabaritzen dut hasierako Glaukoma bizirik dagoela oraindik, eta hori dela gure motorra; hori bukatzen den egunean bukatuko da proiektu hau. Zorionez, su eta gogo hori piztuta daude oraindik.
Horrenbestez, proiektu berriren bat duzue esku artean?
Egia esan ez. Abenduaren 22an bira bukatuko dugu Iruñean, eta orduan hasiko gara pentsatzen, noiz elkartu eta zer hitzartu. Gure gogoez eta hartu nahi ditugun bideez eztabaidatu beharko dugu, eta zerotik hasi beharko dugu berriro.