San Fermin festak igaro ziren, baina Tolosako Izaskun auzoko biztanleak ere festarako gogoz daude. Horrela adierazi dute, gaur arratsaldean Otsabi elkartean egin duten prentsaurrekoan. "Azken ukituen faltan, dena prest dago irailaren 7, 8 eta 9an ospatuko diren festei hasiera emateko", adierazi du Eneritz Lacallek, auzoko festa batzordeko kideak.
Ohiturari jarraituz, urteroko zenbait ekitaldi bere horretan utzi dituzte aurten ere. Hala nola, lehen eguneko txupinazoa eta txokolatada ospatzearekin batera, buruhandiak irtengo dira eta poteoa girotzen duten Albizturko trikitilariak ere ez dute huts egingo.
Lehen eguna, ordea, berrikuntzekin dator aurten. "Urtero bezala, Arsenal, Izaskun eta Emendek elkarteen laguntzaz egindako afariaz gozatu ondoren, iaz utzi zuen hutsunea betetzera dator berriz ere danborrada. 2017an ospatu ezinda geratu baginen, aurtengorako, aurreko edizioetan lagun izan ditugun musikariez osatutako txarangaren laguntza izango dugu, edizio honetarako espresuki elkartuko den formatu bakarrean".
Danborrada eta afarian parte hartu nahi dutenek, Denak tabernan eta auzoko okindegian izango dute aukera. Izena ematearekin batera, 16 euro ordaindu beharko dira. Entseguak irailaren 4ean (asteartea) eta 6ean (osteguna) burutuko dira Otsabi Auzo Elkartean.
Larunbatean, tradizioari jarraituz, auzo bazkaria egingo dute, eta horretarako tiketak salgai daude auzoko taberna eta dendetan, 16 eurotan. Arratsaldean, berriz, bada berezitasun txiki bat. "Sagardo dastaketan, betiko pintxoez gain, aurten sardinak ere egingo ditugu bertaratzen direnen artean banatzeko".
Gauean, berriz, auzoa hankaz gora jarriko dute musika emanaldiekin. Batez ere, Glaukoma taldearekin. "Otsabi Auzo Elkartean hasi zen taldea bira betean sartuta dago, azken txanpan. Izan ere, denboraldi baterako Gipuzkoan emango duten azken kontzertua izango da hau. Gau berezia izango da, zalantzarik gabe".
Igandean, txistulariek izango dute biharamuna goxatzeko ardura. Tortilla txapelketak emango dio segida, Sputnik plazan. "Tortillak bertan prestatuko dira, antolakuntzak banatuko dituen su eta osagaiez baliatuz (arraultzak, patata, tipula, olioa eta gatza). Parte hartzaileek prestaketarako beharrezkoak diren tresnak ekarri beharko dituzte (zartagiak, platerak, kubiertoak, etab.)". 12:00tan aurkeztu beharko dituzte tortillak, eta hauen dastaketaren ondoren jakingo da nork irabaziko duen. "Gainera, tortillak pintxo-potea egiteko erabiliko dira igande eguerdian".
Umeek hain gustuko duten apar festaren ondoren, helduen gozamenerako, mus txapelketa jokatuko da Denak tabernan. Festen azken txanpan, haurren gustuko ekitaldi batez gozatzeko parada izango da: magia erakustaldia. "Festa Batzordeak garrantzi berezia eman die azkenaldian etxeko txikienei eta horretarako, familia osoarentzat atsegina izan daiteke Sputnik plazako emanaldia. Festei amaiera emateko, Piñata Kosmonauta jaurtiko dugu espaziora".
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete festa batzordearen izenean, festetarako hain estimatua den laguntza eskaintzen duten pertsona guztiei. "Hala nola, auzoko denda, taberna, elkarte eta bizilagunei eta baita ere Tolosako Udalari. Besterik gabe, mundu osoa gonbidatzen dugu parte hartzera".