Errealitatearen aurrean, aldarrikapen mezuak

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 18a

Atzo arratsaldean, eskualdera etorri diren haur sahararrei agurtzeko festa bat antolatu zuen Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Haurrez gain, harrera familietako kideak nahiz eragile desberdinetako kideak bildu ziren Tolosako Zerkausian.

Esker hitzak besterik ez zituzten izan guztiek, bai haurrentzat, baina batez ere harrera familientzat. Abdulah Arabik, Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak aipatu zuenez,"agur bat da, baina ikusten da haurrak ilusioz gainezka doazela bueltan, baita ikasturte berrirako material ugarirekin, eta horrek, indar handia emango die, errealitatera behar bezala itzultzeko".

Bestetik, Saharako kanpamentuek, oraindik ere, errefuxiatuenak izaten jarraitzen dutela azpimarratu nahi izan zuen, nahiz eta bertako egoera pixkanaka hobetzen joan. Bestetik, datozen urteetatik aurrera, haur sahararrek errefuxiatu modura bertaratu ordez, herritar libre eta independiente modura bisitatzea nahiko luke. "Ea egunen batean, saharar herriak erabateko bakea lortzeko aukera duen".

Atzokoan, Zerkausian antolatu zuten ekitaldian, denetik izan zen. Haurrek ederki pasa zuten puzgarrietan eta jolasetan, aulkiekin nahiz puxikekin. Gero, ekitaldi politikoaren txanda heldu zen, non eskualdeko elkarteko kideez eta Abdulah Arabiz gain, Tolosaldeko Udaletako kideek ere parte hartu zuten. Tolosako Udalaren izenean joan zen Patxi Amantegik, esaterako, bere tartean, "hospitalitate" hitza nabarmendu zuen, "elkartasunaren gainetik".

Ekitaldiaren amaieran, haurrek aurrez prestatuta zuten sorpresa bat eman zieten bertan bildu zirenei, abestera ausartu baitziren. Gauean, musikaz lagundutako afari bat egiteko bildu ziren guztiak, musikaren laguntzaz, festari behar bezalako amaiera eman aurretik. 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!