«Saharan duten arazoa ez da humanitarioa, politikoa baizik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 17a, 13:49
Gregorio eizagirre, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea.

Udara eskualdean igaro duten 32 haur sahararrentzat, Tolosaldea Sahararekin elkarteak, agur festa bat antolatu du, gaur arratsalderako. Zerkausian egingo den ekitaldia, ordea, hemengo herritarrentzat, Afrikako lurraldean bizi duten egoerari buruz kontzientziatzeko mugarri bat izan dadin nahi du Gregorio Eizagirre tolosarrak.

Espainiako Gobernuak behin sortutako arazoari, buelta eman ezinik dabiltza Saharako herria eta bertako herritarrak. Tolosaldea Sahararekin elkarteak, 18 urte daramatza bertako gatazkari irtenbide bat eman nahian. Urtero, udaran, bi hilabete igarotzera etortzen dira eskualdera bertako haur ugari. Hasiera batean, 15 bat izaten baziren ere, zifra hori bikoiztea lortu zuten, eta aurten 10 eta 12 urte arteko 32 haur izan dira gure artean.

Hala ere, elkarteko kide den Gregorio Eizagirrek (Tolosa, 1953), geroz eta harrera familia gutxiago izateari eta aterpetxe finko bat bilatzeari eman nahi dio garrantzia. "Zoritxarrez, azken urtea izango ez denez, azkena izan arte, bizitzeko leku bat nahiko genuke". Aterpetxeen inguruan, hitzarmen bat izatea nahi du, urteroko beldur eta kezkak ahazteko. Badaki Saharakoa ez dela munduko arazo larri bakarra, eta bestelako elkartasun mugimenduei ez die tokirik kendu nahi. Gainera, poztu egiten da, horiek martxan daudela jakitean.

Noiz sortu zen Tolosaldea Sahararekin elkartea? Zein helbururekin?

Elkartea, 2000. urtean sortu zen Tolosan. Urte batzuk lehenago, beste herri batzuetatik bertako haurrak ekartzen zituzten, udaran. Hori ikusita, hemen ere, horiei harrera berezi bat eskaintzeko beharra zegoela ikusi zen. Orduan, lehen harrera familiak izena ematen hasi ziren. Tolosan sortu bazen ere, eskualde osora zabaldu zen gero, inguruko herri txikietako familienganaino helduz. Horietan, gainera, erantzuna oso ona izaten da. Nire kasuan, oker ez banago, 2004az geroztik naiz elkarteko kide.

Ia bi hamarkadako epean, zertan aldatu da elkartea, eta zertan eskualdeak haurrekiko izan duen harrera?

Elkartekooi, urtero ekintza berdinak egiten ditugunez, ia ezinezkoa zaigu aldaketaren bat edo beste antzematea. Urtean zehar, bost edo sei jarduera garrantzitsu antolatzen ditugu, tartean, haurrak ekartzearena. Guzti horretaz aparte, harrera familiekin talde bat sortu genuenez, beti kontaktuan mantentzeko aukera dugu, elkar informatu ahal izateko. Informazioa, gainera, ez da soilik ekintza horien ingurukoa izaten, baizik eta alderdi politikoari dagokionez ere, Saharan gertatzen ari denaz jabetzen gara.

Harrerari dagokionez, iaz, 10 familiek izan zuten etxean haur saharar bat. Aurten, berriz, 19 izan dira prest azaldu direnak. Aldaketa bat egon da, beraz.

Guk beti esaten dugu elkarteak urtean zehar lan handia egiten duela, eta agian, guzti horri esker lortutako emaitza da ia bikoiztea lortu den kopuru hori. Guretzako behintzat, oso pozgarria da zifra. Gainera, harrera familiak ere geroz eta gehiago dira, eta arrazoi bat izan daiteke, herrian bertan, gertuko norbait haur saharar batekin ikusteak, kuriositatearekin batera, bat hartzeko ilusioa eta gogoa piztea. Horrela, bada, Anoetan esaterako, sei haur egon dira aurten.

Hala ere, haur batzuek, Tolosako San Esteban auzoan duzuen aterpetxean igarotzen dute udara. Zer moduzkoa da bertako bizimodua?

Familia handi bat bezala da. 13 haur daude bertan, 4 begiralerekin. Eguraldi ona egiten duenean, igerilekura, hondartzara edota inguruko herri bateko jaietara gerturatzen dira. Eguraldi txarrarekin, aldiz, bertan pasatzen dute eguna. Guzti honek oso polita dirudi, baina arazo handi bat dugu aterpetxearen kontuarekin. Urtero gabiltza haurrentzako leku baten bila, eta ez daukagu epe luze baterako lor dezakegunaren ziurtasunik. Brinkolan hasi ginen aterpetxeak izaten, gero, Ibarran eduki genuen bat, baita Adunan ere. Neke handia suposatzen du, urtero, 15 pertsonentzat etxe desberdin bat prestatzeak, eta ondoren, jarritako guztia kentzeak. Horregatik, Tolosako Udalari eskaera egin genion, San Esteban auzoko etxea prestatzeko. Ikustekoa zen lehen nola zegoen etxe hori; orain, bizimodua aurrera eraman ahal izateko moduan dago. Honek guztiak ere, gu pixka bat lasaitzea ekarri du, nahiz eta datorren urtean etxe berri baten bila ibili beharko dugun. Hala ere, hemendik deialdia zabaldu nahiko nuke, inguruan norbaitek udaran hutsik egoten den etxe bat ezagutzen badu, mesedez abisatzeko.

 

 

Brinkolan, ez zenuten erraztasun handirik izango, ezta?

Bat ere ez. Pentsa, bertan, eskualdeko elkartera etortzen ziren haurrak egoten ziren, baita Hare Haizea elkartekoak ere. Arazo handiena, 10 haur baino gehiago mugitzearena zen. Hiru auto behar izaten genituen. Hemen, berriz, azpiegitura eta zerbitzu ia denak eskura ditugu. Oso ondo egon ginen bertan ere, baina erabat desberdina zen, hurbiltasun aldetik ez duelako zerikusirik.

Saharan bizi eta beste leku batera uda pasatzera igarotzen direnean, zertan aldatzen da haurren bizi-estiloa?

Den-dena aldatzen da. Lehen, etengailua zapaldu eta argia pizten zenean, txundituta geratzen ziren. Txorrota ireki eta ura ateratzean, berdin. Orain, Saharan ere badute argia eta ura. Aireportura heltzen direneko unea ere, ikusgarria izaten da. Lehen aldiz etortzen diren haurrei, etxe handiak nahiz belazeak ikustean, aurpegia aldatzen zaie. Pentsa, eskailerak eurentzat sekulako asmakizuna dira, ez dutelako lehendik horrelakorik ezagutzen.

Kulturalki ere, bestelako lurralde bat da.

Oso desberdina da. Eskolara joaten dira, baina bestela, kalean igarotzen dute ia egun guztia. Euren haimetan, oso denbora gutxi egoten dira. Kalean, gainera, kotxeak igarotzen dira, baina hemen ez bezala, bertan ez dago errepiderik. Beraz, bi lurraldeetako bizimoduek, orokorrean, ez dute zerikusirik, nahiz eta Saharan pixkanaka aurrerapausoak ematen ari diren. Lehen, esaterako, telefonoz egin behar izaten zituzten deiak, familiekin hitz egiteko. Orain, ordea, Whats'app aplikazioari esker, dohainik izaten dituzte solasaldiak. Horri esker, diru kantitate handiak aurreztea ere lortu dugu.

Euren herrira itzultzeko astebete geratzen zaien arren, haurrei, gaur emango diezue agurra, Zerkausian ospatuko den festan. Zer dela eta egiten duzue?

Helburu argi bat du: Jakin dezala eskualdeak, arazoa ez dela humanitarioa, politikoa baizik. Lehen aipatu bezala, bertako batzuek informazio jakin bat dugu, baina hemen bizi diren guztiek informazio zuzena izatea nahi dugu. Hori dela eta, ekitaldi politiko bat egiten da. Hasiera urteetan, harrera festa bat egiten genuen, baina, herri askotan gauza bera egiten zutela ohartu ginen. Gainera, bi hilabeteak segituan igarotzen ziren, eta gu ohartzerako, haurrak euren etxeetara itzultzen hasiak izaten ziren. Hortaz, agur festa bat antolatzea erabaki genuen. Bertara, Fronte Polisarioko norbait gonbidatu ohi dugu, bi hitzetan, saharar lurraldean bizi duten egoera azaldu dezan. Bestetik, eskualdeko udaletxeetako kideak ere gonbidatzen ditugu, haurrekin azaltzen duten elkartasunagatik.

Gainera, festa edo ekitaldi honek, eskaerak egiteko nahiz kexak azaltzeko ere balio izaten du. Oso ondo baitago laguntza ematea, ekonomikoa batez ere, baina behe mailako instituzioek, goi mailakoei, arazo politiko baten berri eman behar diote. 43 urte daramatzate arazoa konpondu nahian, egoera geroz eta okerragoa da, eta jendea are nekatuago dago orain.

Beti, ordea, haurrengatik kezkatzen gara, eta gurasoek euren lurraldean geratu behar izaten dute. Eurentzat ere, adingabeko haurra etxetik kanpo joatea gogorra izango da.

Ikustekoa da Saharan guraso eta haurrak elkar agurtzen duten unea. Zure seme edo alaba, 10, 11 edo 12 urterekin, lehen aldiz, 3.000 kilometrotara doala pentsatzeak, gogorra izan behar du. Gainera, distantzia ez da kezka handiena sortzen duen gaia izaten, kultura aldaketa baizik. Beti, euren haurrak zaintzeko eskatzen digute; gainera, euren ohiturak ere ezin dira alde batera utzi, musulmanak baitira. Pena handia izaten dute, lehen aldia oso gogorra izaten baita, baina kontziente dira hemen ondo zaintzen ditugula. Besteak beste, gaixotasunen bat edo lesioren bat dutenek, medikuarengana joateko aukera izaten dute.

Eta aurtengo udara igarota, jada datozen hilabeteetako ekitaldi horietan pentsatzen jarriko zarete, ezta?

Elkarteko kide batzuk dugun Whats'app taldearen izenak dioen bezala, azken urtea izan dadila. Azkeneko bidaia, azkeneko agur festa eta azkeneko udara. Udaran nahiz urtean zehar egiten duten lana dela eta, eskualdeko harrera familiei, nahiz gainontzeko herritarrei ere, eskerrak eman beharrean gara. Edozein lanetan esku bat botatzeko, sekulako elkartasuna dagoela ikusi dugu. Instituzioen kasuan, berriro diot, gora begira egoteak ez duela ezertarako balio, eta eskaerak egitea besterik ez dugula behar.

 

 

Erlazionatuak

Haur sahararrei agurra

Tolosaldeko Ataria 2018 abu 13 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!