Japoniarrak, «liluratuta» Tolosako Erraldoi eta Buruhandiekin

Ataria 2018ko abuztuaren 11

Japoniako biraren bigarren egunean, kalera irten da Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa. Tolosako espedizioko kideen esanetan, Iidako herritarrak txundituta geratu dira, «erabat harrituta».

Japoniako Iida Puppet Festa jaialdian ari da Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa. Ostegunean egin zuten estreineko agerraldia, eskola batean. Besteak beste, erraldoiak nola muntatzen diren irakatsi eta nola dantzatzen diren erakutsi zieten bertaratutakoei.

Atzo, ostirala, lehen emanaldia eskaini zuten kalean; emanaldi bikoitza, gainera. Gozatu egin zuten japoniarrek: «Ikustekoa izan da ikusleek egin diguten harrera. Txundituta gelditu dira, erabat harrituta. Beraiekin sortu den harremana eta elkarrekintza ikustekoa izan da», azaldu du Beñat Sarasola dultzaineroak. Bidali dituzten argazkiak ikusi besterik ez dago, hori horrela izan zela ondorioztatzeko.

Emanaldiaren amaieran, buruhandiekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten, baita sorbalden gainean jartzekoa ere. 

Gaurkoan ere emanaldi bikoitza eskainiko dute, 10:30ean eta 14:00etan. Eta bihar egingo dute azken agerraldia, beste tailer bat eskainiz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!