Hasi da Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren parte hartzea Japonian

Ataria 2018ko abuztuaren 9a

Argazkiak: Instagram (@Olatzpeon) / Beñat Sarasola

Erraldoiak muntatu eta haurrei tailer bat egiteko aprobetxatu dute lehen eguna tolosarrek. Haurrak liluratuta geratu dira.

Japoniako Iida Puppet Festa jaialdian parte hartuko du Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak datozen egunotan. Ia 40 laguneko taldea joan dira bertara eta hainbat emanaldi eskainiko dituzte.

Gaur hasi dute parte hartzea, tailer bat eskainiz. Lehenengo eta behin, erraldoi eta buruhandiak kutxetatik atera, eta bidaian zehar babesteko jarri dizkieten materialak kendu dituzte.

Gero haurrei erraldoiak nola muntatzen diren irakatsi diete, eta erraldoiek dantza nola egiten duten ikusi dute. Aurrez, bertan bildu diren guztiei harrera egin diete, agurra dantzatuz, Tolosako Dultzaineroek lagunduta. Amaieran, buruhandiekin jolasean aritzeko aukera izan dute.

Bihar kalera irtengo dira erraldoi eta buruhandiak. Emanaldi bikoitza eskainiko dute, 16:00etan eta 18:30ean. Larunbatean ere emanaldi bikoitza eskainiko dute, 10:30ean eta 14:00etan. Hilaren 12an, igandean, beste tailer bat emanez esango diote agur Japoniari.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!