Japonia zain dute Tolosako erraldoi eta buruhandiek

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 11a, 10:50

Tolosako erraldoi eta buruhandiak prest dira, aste honetan, Iidaraino bidaiatzeko; konpartsa, beranduago abiatuko da.

San Juan festetako ajeak atzean utzi ondoren, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren egoera «oso ona» dela aitortu du Iñaki Moyuak. Geroz eta gutxiago geratzen zaie Iida Puppet Festa jaialdian parte hartzeko, eta guztia prest dute, erraldoi eta buruhandiak, hegazkinean sartzeko. «Berez, itsasontziz bidaltzea zen asmoa, merkeagoa zelako, baina horrela balitz, San Juan festetan ez lirateke hemen izango». Entseguak egiteko ere bazegoen nahia, baina denborarik gabe geratu dira, erraldoiak eta buruhandiak pisatzen aritu direlako. Horiek, gainera, bakarrik egin beharko dute Iidarainoko bidea, gainontzekoak, abuztuko lehen astean doaz eta. «Adinez nagusiak dira, hortaz, ez dute arazorik bakarrik bidaiatzeko», dio barrez konpartsako kideak.

«Tobogan bat bezala» deskribatzen du Moyuak azken hilabeteetan bizi izan dutena, paper kontuak, diru laguntzen eskariak, hegaldiak eta pisaketak direla eta. «Luzatu, zaildu eta garestitu egin da guztia», dio. Gainera, erraldoiak, tratatutako egurrezko kaxetan sartu behar dituzte, plagak ekiditeko. Materiala, bestetik, oso hauskorra denez, kontu handiz mugitu beharko dute. Erraldoi bakoitza, eta Juanito Lope buruhandia, kaxa batean joango dira; gainerakoak, berriz, beste lau kaxetan sartuta. «Kaxa horiek, etzanda sartu behar dituzte hegazkinean, bestela, zutik jarrita, gehienezko altuera gainditzen dutelako», azaldu du Moyuak.

TAILERRAK ETA KALEJIRAK

Jaialdiari dagokionez, Tokioko Euskal Etxean egitekoa ziren emanaldia bertan behera geratu da, azpiegitura aldetik oso leku txikia delako. Bestetik, hiriburuaren erdigunean emanaldi bat egiteko aukera suertatu zitzaien, baina jaialdiko datekin bat egiten zuen. «Guretzat garrantzitsua da txotxongiloekin lan egiten duten herrien elkarteekin biltzea, Mosku, Montreal eta Charlevilleko ordezkariekin». Hala ere, Iidara joan aurretik, bi egunez egongo dira Tokion. «Oso ondo etorriko zaigu, Japoniako klima berora eta hezetasun handira egokitzeko».

Puppet Festa ospatuko den herrian, berriz, lau egunetan egingo dute lan erraldoiekin. Abuztuaren 9an, tailer modura, erraldoi eta buruhandiak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko dute. Ez dakite bertakoek nola erantzungo duten, hemengo esperientziaren berri dutelako soilik. «Esaterako, buruhandiek ezingo dute maskuriekin inor kolpatu, kulturalki ez dutelako kontaktu hori onartzen». 10ean eta 11n, kalejirak egingo dituzte, hemen egiten dituzten moduan. Irrikaz daude kaleko jendearen erantzuna zein izango den ikusteko. «Koreografi berri bat egitea zen asmoa, baina ez dakit gauzatzera helduko garen, nahiz eta arriskatzeko ohitura izaten dugun». Azkenik, 12an, beste tailer baten bitartez, guztia jaso eta bertakoez agurtuko dira. «Berez, 13an ginen itzultzekoak, baina 14an bueltatuko gara, hegaldiak aldatu direlako».

Konpartsako 33 kideez gain, euren senide eta lagunak ere joango dira, eta udaleko ordezkariren batek bidaiatzea ere aurreikusten dute. «Idoia Otegi ere bertan egongo da, bera izan baitzen kontu honetan lehen harria ezarri zuena». Erraldoi eta buruhandiek, itsasontziz egin beharko dute itzulera, Bilboko portura heldu arte. Gutxi gorabehera, 52 egun beharko dituzte, baina itsasoaren egoeraren arabera, luzatu egin daiteke epe hori.

KONPARTSAZ HARRO

Horrelako ekitaldi batek suposatzen duen gastu erraldoia kontuan hartuta, etengabe lanean aritu dira konpartsako kideak, batari zein besteari laguntza ekonomikoa eskatuz. Batetik, Iida Puppet Festa ekitaldiarena jaso dute, eta bertako gastu guztiak ordainduta izango dituzte. Bestetik, Tolosako Udalaren laguntza, «ikaragarritzat» jotzen dute. Etxepare Institutuak ere lagundu die, euskal kultura zabaltzen eta promozionatzen egindako lanagatik. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxabankek ere bultzatu dute egitasmoa. «Jendeak ere asko lagundu gaitu, pertsonalki diru asko jarriz, baita beste batzuen hegaldiak ordainduz ere». Hala ere, jende gutxiagorekin joateko erabakia hartu behar izan dute.

Erabaki horiek medio, Moyua «oso harro» dago duen taldeaz. «Erraldoiak gustukoak izan daitezke edo ez; ez dute tranparik», aipatzen du. «Benetan pasioa izan behar duzu parranda baten ondoren erraldoia hartu eta jendea zoriontsu egiteko». Bere ustez, ez du balio jendea mugitzeak soilik, eta hori gero zaindu, garatu eta saritu egin behar dela dio. «Hemen edo lan egiten duzu, edo ez dago zer eginik». Hori dela eta, «talde guztiak merezi duen saria da». Bestetik, nahiz eta konpartsan belaunaldi berriak sartu, Moyuarentzat, filosofia ulertzea da garrantzitsuena; izan ere, «herriari balio gehigarri bat emateko eta kulturalki bizia emateko sortu zen».

Herritarren erantzunarekin ere oso harro azaldu da. «Tolosarrekin hitz egitean, badirudi proiektua eurena balitz bezala hartu dutela, eta hori oso polita da». Azkenik, bidaian zehar hartuko dituzten irudiekin, bideo bat osatzeko asmoa dute, eta gero, herritarrei erakutsiko diete ikus-entzunezko hori, sortutako gastu guztiak berreskuratzeko asmoz. Bidaian, sorpresaren bat izango dutela ere aurreratu du, eta sare sozialetan, jarraipen handia aurreikusten dutela. «Hasieran, jendeak erotuta egongo banintz bezala begiratzen zidan, bidaiarena txiste bat balitz bezala, baina ametsa egi bihurtu da, eta bai, Japonia zain dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!