Carlos Peñaren marka saiakera berria

Ataria 2018ko abuztuaren 9a

Carlos Peña Tolosako Oria ibaian, 2016an.

Munduko errekor bat hausten saiatuko da Carlos Peña igerilari tolosarra, hilaren 20an, Donostiako Urumea ibaian. Betaurreko berezi batzuekin arituko da, erretinosi pigmentario gaitzaren aurkako borrokan diharduen eragile bati laguntzeko.

Carlos Peña igerilari tolosarrak, erronka berri bati egingo dio aurre hilaren 20an, astelehena, Urumea ibaian. Bertan, munduko errekor bat hausten saiatuko da. Izan ere, 24 orduz, eta geratu gabe, Gipuzkoako hiriburua zeharkatzen duen ur emarian egin beharko du igeri, eta kasu honetan, gainera, ikusmena apur bat galduta arituko da.

Irabazi asmorik gabeko DameTVision kultur elkarteari eskainiko dio proba Peñak. Eragile honek, erretinosi pigmentarioaren aurkako borrokan dihardu. Gaitz larri honek, ikusmena guztiz galtzeko arriskua ekar dezake. Hori dela eta, Carlos Peñak ere borroka horrekin bat egitea erabaki du, erronka berri honetan, ikusmen urritasuna duten pertsonen azalean jarriz.

Hori dela eta, betaurreko berezi batzuekin egingo du igeri tolosarrak, ekintza honetarako bereziki moldatuak izan direnak. Beti izan duen ikuspegia, ordea, erabat aldatuko zaio, ezingo baitu ia ezer ikusi (oso gutxi behintzat), eta gaitz honek eragin ditzakeen ondorioak sufritzeko arriskua izango du. Errekor saiakera berri hau, lehen aipatu bezala, Urumea ibaian izango da, abuztuaren 20an, eta irteera puntua Ur Kirolak Arraun Klubean ezarri dute. Hasiera ordua aurrerago zehaztuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!