Berriz ere, bost minutugatik laugarren

Ataria 2018ko abuztuaren 5a

Ane Iturria Alzate, aurtengo Zumaia Flysch Trail proban.

Ane Iturriak, gaur jokatu du bigarren eta azken proba 23 urtez azpiko munduko txapelketan. Ostiralean bezala, gaur ere, podiumetik bost minutura geratu da Alpino Uzturreko tolosar gaztea, 15 kilometroko Gran Sasso Sky Race-Trofeo Piergiorgio De Paulis lasterketan.

Ane Iturria Alzate, Alpino Uzturre elkarteko lasterkari tolosarra, Espainiako 23 urtez azpiko selekzioarekin, mendi lasterketen munduko txapelketa jokatzen aritu da egunotan Italian, Fonte Cerreton. 16-17 urte bitarteko emakumeen mailan aritu da lehiatzen, eta bi proba jokatu ditu Apeninoetan barrena.

Ostiral arratsaldean jokatu zuen bi lasterketa horietako lehena, kilometro bertikaleko modalitatekoa. Orduan, laugarren postua lortu zuen, brontzezko domina irabaztetik bost minutura geratu zelarik. Gaur, berriz, posturen bat aurreratzeko aukera zuen arren, Sky modalitateko proban ere laugarren izan da. 15 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, bataz besteko 1.400 metroko maldarekin.

Iturriak, 2 ordu baino gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko: 2:37:35. Gaurko proban, gainera, kilometro bertikalean bezala, Aneren taldekide Laia Gonfaus kataluniarra izan da garaile, 2:28:53ko denbora eginda; eta ostiralean gertatu bezala, podiumeko gainerako bi postuak, Andrea Sinfreu andorratarrarentzat eta Luca Nemeth hungariarrarentzat izan dira. Sinfreuek  2:31:39an geratu du denbora, eta Nemethek, aldiz, 2:32:19an. Gauzak, beraz, oso estu egon dira amaieran, bi korrikalari hauen artean.

Iturriak Ataria-ri azaldu dionez, ostiralean ez bezala, gaur gozatu egin du: "Oso ondo sentitu naiz, eta sentsazio onak izan ditut lasterketa guztian zehar". Aurrerantzean, bertako nahiz kanpoko lasterketak prestatzen eta lehiatzen jarraituko du, baina oraingoz, argi utzi du, gaztea izanda ere, lasterka ederki aritzen dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!