Ane Iturriak laugarren egin du Munduko Txapelketan

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 3a

Iturria, aurtengo Zumaia Flysch Trail proban.

Podiumetik bost minutura geratu da Alpino Uzturreko tolosar gaztea, kilometro bertikaleko proban.

Ane Iturria tolosarra 23 urtez azpikoen mendi lasterketen munduko txapelketa jokatzen ari da egunotan L'Aquilan (Italia), Espainiako Selekzioarekin. 16-17 urte bitarteko emakumeen mailan ari da lehiatzen, eta bi proba jokatuko ditu Apeninoetan barrena.

Gaur arratsaldean jokatu du bi lasterketa horietako lehena, kilometro bertikaleko modalitatekoa. Eta gisa honetako txapelketa batean selekzioarekin parte hartzen duen lehen aldia den arren, gutxigatik ez du lortu domina bat estreinaldian.

3,5 kilometro eta 1.000 metroko malda gainditu ostean, laugarren amaitu du lasterketa, ordubete eskaseko denbora eginda: 1:00:13.7. Laia Gonfaus kataluniarra izan da garaile, 52:46ko denbora eginda. 28 segundo beranduago helmugaratu da Andrea Sinfreu errumaniarra, eta Luca Nemeth italiarrak osatu du podiuma, 55:42ko denborarekin.

Alpino Uzturreko lasterkariak Ataria-ri azaldu dionez, ez da gustura sentitu lasterketan: "Ez ditut sentsazio onak izan, ez naiz ondo sentitu. Baina tira, lasterketa oso polita izan da eta giroa ere bai".

Igandean izango du sentsazio onak berreskuratzeko bigarren abagunea, orduan jokatuko baitu Munduko Txapelketako bigarren proba, Sky modalitatekoa. 15 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta malda 1.400 metrokoa izango da bataz beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!