«Gainerakoen artean euskaldunenak ginenaren fama genuen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 3a, 07:57

Haimar Martin, bidaia amaieran kide bakoitzari emandako liburuxkarekin, eta Libe Martinez De Rituerto, azken gaubelaren ostean jasotako diplomarekin. JOSU ARTUTXA

Libe Martinez De Rituerto eta Haimar Martin, azken hilabetean zehar izugarrizko arrakasta izan duen Euskarabentura espedizioaren parte izan dira. «Esperientzia ahaztezina izan da», adierazi dute. Beraiek ere jzioqui zuten proiektu honen parte izatea.

Udalekuak, urteko garairik beroenean, adin bertsuko jendearekin, ohiko ingurunetik kanpo (mendian, kostaldean...) zenbait egun igarotzeko aukera eskaintzen duten egitasmoak izaten dira. Bertan, lagun berriak ezagutzeaz gain, aisialdirako kudeatzen da denbora.
 
Libe Martinez De Rituerto Zeberio (Tolosa, 2001) eta Haimar Martin Perez (Tolosa, 2001) gazteek ez dute berehalakoan ahaztuko uztailean zehar bizitako esperientzia. Euskarabentura proiektuaren parte izan baitira, euskara sustatuz, Euskal Herria iparradetik hegoaldera, nahiz ekialdetik mendebaldera zeharkatzeko aukera izan dute.
 
Biek, beste lau ikaslerekin batera, ikastolan proiektu bat aurkeztu zuten, ardatz edo gai nagusia, euskara zuena. Gero, proiektu hori suertatu zen gustukoena, eta horrela lortu dute, beste 108 gazteekin batera, hilabete oso bat igarotzea. Astelehenean heldu ziren Getxora, eta hor amaitu zitzaien 700 kilometro baino gehiagoko ibilbidea, hilabete oso batean pilatutako emozioak lehertu ziren une berean. Abenturaren esperientzia osoa koaderno batean bildu diete arduradunek, talde bakoitzeko argazkiarekin eta norberaren datu pertsonalekin, baita amaierako orri zuriekin ere, parte hartzaile bakoitzak nahi zuenari zerbait idazteko aukera zuelarik.
 
Zer moduz zaudete horrelako esperientzia bat bizi ondoren?
 
Haimar Martin: Egia esan, nostalgia puntu batekin amaitu genuen. Hasieran uste nuen neke handiagoarekin bukatuko nuela ibilaldia, baina ez zen hala izan. Azken egunean, batez ere, askok ezin izan zieten negar malkoei eutsi, eta agur esatearen pena gailendu zitzaien.
 
Maren Martinez De Rituerto: Gainera, hilabete oso bat egon gara, egunero 24 orduz guztiok batera, guztia partekatzen. Hortaz, normala da apur bat triste amaitzea.
 
H. M.: Batzuk, oraindik ez ginen kontziente ere horrenbeste denbora igaro genuela elkarrekin. Azkenean, hilabete bat da. Azkar esaten da, baina askorako ematen du.
 
Talde desberdinetan banatuta zeundeten partaideak. Zer dela eta?
 
L. M.: 110 pertsona izanda, ezinezkoa zen guztiok elkarrekin joatea, ez zen bideragarria. Hori dela eta, etapen arabera banaketa bat egiten zen. Hiru talde zeuden: Trikuak, katagorriak eta erbiak. Norberak erabakitzen zuen etapa bakoitzaren hasieran zein taldetan joan nahi zuen, markatu nahi zuen erritmoaren arabera. Trikuak motelenak ziren, eta abiatzen lehenak izaten ziren. 15 minutu geroago irteten ziren katagorriak, eta erbiek, guztia jaso ondoren ekiten zioten ibilbideari.
 
Zuen kasuan, zein taldetan aritu zarete?
 
L. M.: Ibilbidearen ia zati osoan erbiak izan gara.
 
H. M: Kontuan hartzeko faktorea izaten zen abiatzen azkenak izatearena. Gainontzekoak presaka ibiltzen ziren ibilbideari ekiteko. Guk, bitartean patxaraz hartzen genituen gauzak, lasai gosaldu nahi izaten genuelako.
 
L. M.: Askotan esaten ziguten erbiak katagorriak baino motelago joaten ginela. Ondorioz, batzuetan erritmoa bizkortu behar izaten genuen, baina horretarako, guk behintzat, ez genuen inongo arazorik.
 
Eta, horiez gain, talde txikiagotan ere banatu zarete azken emanaldia prestatzeko.
 
H. M.: Bai, baina ez horretarako bakarrik. 11 xerpa zeudenez, 10 talde egin genituen 11 kidez osatutakoak. Horrela, bidai osoko antolamendua aurrera eramatea errazagoa izan da, otorduak prestatzerako garaian, zerbitzatzerakoan garbiketak egiterakoan, hondakinak biltzerakoan...
 

 
Zer da Euskarabenturak eman dizuena, pertsonalki batez ere?
 
H. M.: Euskararen inguruan asko ikasi dugu. Hitzaldi soziolinguistiko ugari izan ditugu, probintzia bakoitzean bat, eta horietan, sorpresa ugari jaso ditugu.
 
L. M.: Jendeak euskararekiko zuen pentsaeran aldaketa bat eragin ahal izan duela esango nuke. Esaterako, Tolosan, gazteen artean, euskaraz aritzen gara normalean. Hemendik kanpo, ordea, ez da gauza bera gertatzen, eta gure artean izan ditugu egoera horretan bizi diren euskaldunak. Prest azaldu dira hilabete oso batean euskaraz hitz egiteko, egunerokotasunean, familiarekin nahiz lagunekin gazteleraz egiten dutelako. Polita izan da orain euskaraz aritzeko esfortzua egingo dutela jakitea.
 
Zuen kasuan, gainera, esaten da Tolosaldea dela Euskal Herriko eremu euskaldunena.
 
H. M.: Bada, gainerakoen artean, fama hori genuen.
 
L. M.: Egia esan, Gipuzkoatik joandako ia denek euskaraz egiten genuen. Bestela, etxean euskaraz baina lagunekin gazteleraz hitz egiten duten askorekin topatu gara bertan. Hortaz, bidaian zehar, horiek gazteleraz hitz egiteko ohitura izan dute.
 
Hilabete oso bat euskaraz bizitzen jarduteak indarra emango zuen, ezta?
 
L. M.: Bai. Hala ere, jende ugarik hitz egiten zuen gazteleraz, nahiz eta taldean euskaraz egin, bakarka gazteleraz egiteko ohitura izaten zuten.
 
H. M.: Gu, gure artean, nik dakidala, euskaraz aritu gara egunero. Horren epe luzean, normala da lagun talde ugari sortzea, eta gurean behintzat, euskara zen erabiltzen zen hizkuntza bakarra. Oso tarteka, norbait gazteleraz hitz egiten entzunez gero, segituan saiatzen ginen joera hori aldatzen.
 
Ibilbideari dagokionez, 7 probintzietatik igaro zarete, eta hiriburu guztietan egin duzue geldialdia. Agian lurralde batzuk gehiago ez bisitatzearen penarekin geratu zarete?
 
H. M.: Ipar Euskal Herria, adibidez, hiru egunetan zeharkatu dugu. Tamalez, euskara ez zen asko entzuten zen hizkuntza, nahiz eta asko entzuteko astirik ere ez eman. Herri txiki ugaritatik igaro ginen, baina ia geratu ere egin gabe.
 
L. M.: Nik faltan bota nuen beste eremu bat, Arabakoa izan zen. Bisitatzeko aukera izan genuen, baina eguraldi txarra zela eta, ekaitza egiteko arriskuaz jabetuta, pena handiz, baina bi etapa ez egitearen erabakia hartu behar izan genuen. Gainera, gutako asko ere gaixotu egin ginen orduan, eta autobusez egin behar izan genituen ibilbidearen zati batzuk.
 

 
Tartean, Tolosan egoteko aukera izan zenuten. Bertara iristean, zer sentitu zenuten? Bertakoak izatearen presioa? Poza? Askotan, nahiago izaten da etxera ez itzultzea ere.
 
H. M.: Denetik. Berezia bezain arrotza izan zen. Hemen beti lagunekin egoten gara, baina zu zeu beste 100 bidailagun baino gehiagorekin iristea, ez zen oso ohikoa izan. Gainera, guztiak kamiseta berarekin gindoazen, atentzioa deituz.
 
L. M.: Kuadrillako lagunak ere inguratu ziren, eta hori nahiko arraroa izan zen. Azkenean, hiru astez lagun talde berarekin egondakoan, horiei kuadrillako lagunak ere gehitzea berezia izan zen.
 
Lehendik izanda zineten antzeko udalekuren batean?
 
L. M.: Ni Urbasan izan nintzen, menditik asko zuten udalekuetan.
 
H. M.: Ni bestelako udalekuetan egon izan naiz, baina Urbasakoa bezalako udaleku ibiltarietan inoiz ez.
 
Euskarabentura noski bereziagoa izango da. Baina, zertan da bereziagoa edo zertan nabarmentzen da?
 
H. M.: Udaleku erraldoi bat izan da. Antolaketa aldetik sekulako lana dago atzean, eta hori goraipatu beharra dago. 
 
L. M.: Urbasakoak ez zuen zerikusirik guk bizi izan dugunarekin. Bestetik, eremu desberdinetako jendearekin ibili ahal izatea ere oso aberasgarria izan da. Orain artean, Gipuzkoako jendearekin egoteko aukera izan dugunez, hau bestelako zerbait izan da. Euskal Herriko probintzia guztietatik aparte, diasporatik ere etorri da jendea. Egoera hori ez dut uste beste inon aurkitu daitekeenik.
 
Horiek guztiak ezagutzeko aukera izan duzue? Ez da samurra izango 100 pertsona ezagutzea, ezta?
 
L. M.: Jende guztia ez, baina lurralde guztietakoa ezagutu ahal izan dugu.
 
H. M.: Diasporatik joandako gazteek harrituta utzi ninduten, batez ere haietako batek, argentinarrak. Ikusgarria zen, euskara menperatzeaz gain, zeinen ondo ezagutzen zituen euskal dantzak, eta zeinen ondo dantzatzen zituen.
 
L. M.: Hala da. Gainera, lehen aldia zen Euskal Herrira etortzen zela.
 
H. M.: Bestetik, euskalki desberdinak ondo ulertzeko hasierako egunetan izandako zailtasunak ere aipatu beharrekoak dira. Hori zen toki ezezagunetako jende asko biltzearen trabatako bat.
 
L. M.: Lehen egunetan, batzuei ez genien ezta ulertzen ere.
 
Bidaian, ordea, lan egitea ere egokitu zaizue, zenbait hitzaldi, tailer eta bestelako saioetan jasotako irakaspenekin. Zertan lagundu dizuete horiek? Baliagarriak izan dira?
 
H. M.: Baliagarriak izan dira, era batera edo bestera. Horietako bakoitzetik zerbait sartu behar genuen amaierako ikuskizunean. Azkenean, talde bakoitzak nahi zuen erabilera emango zion horietako bakoitzari. Hala ere, lanerako baliagarriak, baina aldi berean, interesgarriak ere izan dira. Talde bakoitzetik bi kide aritzen ziren diziplinetako bakoitzean: hitzaren ingurukoetan, gorputz adierazpenekoetan, inprobisaziokoetan, ahots adierazpenekoetan eta eszenografiakoetan.
 
L. M.: Nik esaterako bertsolaritzarekin lotura zuen hitzaren inguruko saioetan parte hartu nahi nuen, baina taldean baziren beste kide batzuk ere bertan aritu nahi zutenak, eta hortaz, zozketa egin ondoren, beste batzuei egokitu zitzaien.
 

 
Eta zer egin behar izan zenuten azken gaubelan? Zer nolako lanak ikusi ahal izan ziren bertan?
 
L. M.: Gaia erabat librea zen, eta norberak nahi zuen ikuskizuna prestatu ahal zuen, gehienez ere bost minutukoa. Oso zaila izan zen hain denbora laburrean egitea. Gure kasuan, antzerkia, dantza eta bertsolaritza nahastu genituen, bidaia laburbiltzen zuen emanaldian, diziplina bakoitza hiriburu bakoitzarekin lotuz.
 
H. M.: Guk, berriz, bidaian zehar bisitatutako lekuetan eta izandako hitzaldietan jasotako ideia garrantzitsuenen laburpen bat egin genuen. Horiek guztiak, antzerki batean sartzen saiatu ginen. Denetarik izan zen gainerako taldeen emanaldietan. Guk, esaterako, ez genuen umoretik jo, beste askok bezala.
 
L. M.: Batzuek sinpletasunetik jo zuten lan ikusgarriak plazaratzeko, eta gure kasuan, gehiegi konplikatu ginela uste dut.
 
Zuek uste duzue horrelako ekimenek gazteengan indarra dutela, kontzientzia pizteko balio dutela?
 
H. M.: Hori, gehienbat azken egunean ikusi ahal izan genuen. Baina, gurekin egon diren gazteengan baino gehiago, euren gurasoengan. Izan ere, haietako askok gurasoekin gazteleraz egiten zutela esaten ziguten, eta ibilaldia amaitu zenean, guraso horiek izan ziren guregana euskaraz hitz egiten saiatuz gerturatu zirenak. Benetan ezusteko galanta bezain pozgarria izan zen, buruari buelta batzuk eman dizkietenaren seinale.
 
L. M.: Gazte askok, gainera, gazteleraz hitz egiten zuten, euskaraz aritzeak lotsa ematen zielako, batez ere, beste batzuk euskaraz aritzeko erraztasun handiagoa genuela ikustean. Beranduago, ordea, jende askok pentsaera hori aldatu zuen, eta euskaraz ikasteko modurik onena eta azkarrena, egitea zela ikusi zuten, nahiz eta akatsak bata bestearen atzetik etorri. Aldaketa hori ere, poz handia eman didan erabakia izan da.
 
Hilabete bateko udalekuek askotarako uneak bizitzeko eman dezakete. Anekdotarik bai kontatzeko?
 
L. M.: Nire kasuan, hastapeneko egunetako batean, parte hartzaileetako batekin eta xerpa batekin denda txiki batean egon nintzen. Bertako dendariak, egun on bat izateko irribarre bat margotuta zuten pinak zituen. Horietako bat hartu genuen bakoitzak, egun guztiak ahoan irribarre batekin hasteko. Koxme izena jarri genion. (Barreak)
 
H. M.: Añanan izan ginenean, kanpoaldean lo egin genuen, igerileku bateko belardian. Bertako herritar batek ateri jarraituko zuela esan zigun, eta gauak horretarako itxura zuen. Izarrak ikusten aritu ginen lo hartu aurretik. Goizaldeko 05:30ean, ordea, ekaitza heldu zen. Euria goitik behera ari zuen, eta 120 lagunek 40 pertsona justu-justu kabitzen ziren estalpe baten azpian sartu behar izan genuen. Hura bai abentura!
 
L. M.: Beste egun batean, arropak garbitu ondoren, motxilak eta arropak zintzilik utzi genituen, lehortzeko. Hartzera joan ginenean, ordea, lapurtu egin zidatela ohartu nintzen. Ibilaldirako eman zizkiguten lau kamisetak, baita bestelako arropa ugari ere. Eskerrak lagunen arropak jantzi ahal izan nituela, eta arduradunek ere kamisetak eman zizkidatela. (Barreak)
 
Datorren urtean berriz egingo balitz, jendea animatuko zenukete?
 
L. M.: Nik bai.
 
H. M.: Gainera, ez duzu fisikoki erabat prestatuta egon beharrik.
 
L. M.: Azkenean, etapa batzuetako zenbait bidai autoz egiteko aukera zegoen, edozein lesio edo min zuten horientzako. Egunero, ia hogei bat gazte mugitzen ziren kotxean. Hortaz, ez zegoen inongo arazorik. Bestela, mila gauza ikasteko aukera bat da, zure bizitzan aldaketa bat eragiten duen bidaia bat. Horrelakoak aprobetxatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.
 
H. M.: Euskal Herria ezagutzeko aukera ezin hobea da. Lehen aldia zenez, zorte handia izan dugu, 140 bat gaztek eman zutelako izena hasieran, eta gutxi batzuk geratu zirelako kanpoan. Hurrengo urtean eginez gero, pentsatzen dut jende gehiagok izango duela bertara joateko nahia, eta hortaz, zailagoa izango dela parte hartzea.
 
L. M.: Gainera, diru-laguntzak ere areagotu egingo direla esan dute, eta horrek ekonomikoki bultzada bat eman diezaioke.
 
Eta beranduago, xerpa moduan joateko aukera eskainiz gero?
 
H. M.: Buruz joango nintzake.
 
L. M.: Baita ni ere!
 
Erlazionatuak

Sormena ere euskarabentura da

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 uzt 18 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!