Sormena ere euskarabentura da

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 18a, 17:30

Euskarabenturako kideek bi egun pasatu dituzte Tolosan, Mauletik Getxora bidean; historiaz, bidaiez, kulturaz eta euskaraz hausnartzeko aukera izan dute

Kide bat Zumalakarregiz mozorrotuta zutela heldu ziren, Tolosara, Euskarabenturako 110 kideak eta begiraleak. Mauletik Getxorainoko ibilbidea tokian tokiko jakintzaz, ohiturez, historiaz eta bitxikeriez janzten ari dira, eta eskualdeaz ere blaitu dira gazteak.
Goierri atzean utzi eta trenez egin zuten Tolosarainoko bidaia, astearte arratsaldean. Begirale edo xerpek erdi txantxetan azaldu dutenez, treneko bidaiariei barkamena eskatuta jaitsi ziren ibilgailutik, zalaparta giroan joan zirelako.

Ordea, behin Tolosara helduta, behinola Gipuzkoako hiriburu izandakoaren historia ezagutu zuten, Alde Zaharrean barrena egindako bisita gidatuan. Tolosako Udalak ere harrera egin zien, udaletxean.
Hitzorduz betetako egunen errenkada izaten ari da Euskarabentura, xerpek azaldu dutenez: «Astearte iluntzean gure artean esaten genuen: ‘Zenbat gauza egin ditugun gaur!’. Baina, egiazki, oso emankorra eta aberatsa izaten ari da, eta erritmoa eusten ari gara».

Laskorain ikastola izan dute lotarako leku, eta kulturaren bideetan ibili dira, gazteak, gaur. Goizean, Mattin Zeberioren Zortzi Yukon filma ikusi eta aztertu dute, zuzendariarekin berarekin, Leidor aretoan.
Arratsaldean, berriz, Euskarabenturako bigarren sormen saioa izan dute, kultur etxean. Uztailaren 5ean egin zuten lehena, Auritzen, eta sortzaileekin bigarrenez aritzeko aukera izan dute gazteek: Miren Amuriza, Ximun Fusch, Ander Lipus, Myriam Perez, Kattalin Ansorena eta Peter Ansorena izan zituzten irakasle.

Saio horietan landutakoarekin, talde bakoitzak Euskarabenturaren esperientzia sorkuntza-lan batekin azaldu beharko du, bizipenak laburbilduz: «Sortzaileekin egindako saioetan, gainera, ez dira, bakarrik, entzule pasibo. Talde bakoitzeko kideak diziplinaz diziplina banatzen dira, eta gero taldekideen artean azalpenak ematen dizkiete elkarri, modu aktiboan ere jarduera landuz. Oso gustura aritzen dira, eta lehia pixka bat ere badute beren artean, amaierako lanarekin».

Tolosan bi egun igaro eta gero, Baionarainoko bidea oinez egin beharko dute. Handik Irunera trenez bidaiatuko dute, eta Irundik Getxoraino oinez iritsiko dira, abenturarekin amaitzeko.

Ohitura aldaketak ere bai

Izenak berak argi azaltzen du, Euskarabenturaren helbururik behinena: euskararen erabilera sustatu eta ohituretan eragitea. 110 parte hartzaileen artean errealitate linguistiko askotako kideak daude, ordea, eta xerpek protokolo bat mamitu zuten, abenturari ekin aurretik. Besteak beste, Euskaraldiko ahobizi dinamika landu dute egunotan.

Horrela, begiraleek azaldu dute, egunak aurrera doazen heinean, zenbait gazteren hizkuntza ohiturak aldatzen hasiak direla. Esaterako, beren artean gazteleraz aritzen ziren bi neska gasteiztar euskaraz hasi dira, biak bakarrik egoten direnean ere. Eta, bide beretik, egoera bitxiak ere sortzen ari dira bidean, euskararen zorionerako: «Washingtongo eta iparraldeko gazteek euskaraz bakarrik ulertzen dute elkarren artean, batzuek frantsesez ez dakitelako, eta besteak ingelesez ez dakielako; egoera bitxiak sortzen dira, baina politak, aldi berean».

Euskara gai zentrala izanagatik, bestelako esparruetan ere ohitura aldaketa edo kontzientzia sustatzen ari dira, gainera, Euskarabenturan. Modu horretan, generoa zeharkako gaia izango da abentura osoan barrena, eta baita hondakinena ere: egunero sortzen dituzten hondakinak bildu eta pisatu egiten dituzte, kontzientzia hartzeko.

Xerpak «oso-oso pozik» daude bizitzen ari diren esperientziarekin eta, «abenturaren zurrunbilotik ateratakoan balorazio objektiboagoa» egin beharko duten arren, ez dute zalantzarik: hurrengo urtean errepikatzeko modukoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!