ELA sindikatuak iragarri zuen albistea: gaurtik aurrera, Tolosako Hiribusa normaltasunez jarriko dutela martxan. 6 hilabeteko krisiaren ondoren, Hiribuseko langilea Cuadra enpresara pasatuko da, subrogazio kontratuz, eta enpresak beste bi langile kontratatuko ditu. Berriaren aurrean, Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu du "oso berri ona" dela: "Gure nahia izan baita, tolosarrei Hiribusaren zerbitzua bermatzea". Horrela, betiko zerbitzua eskainiko du autobusak, eta txartel digitala izango da berrikuntza azpimarragarriena.
"Zerbitzua arintasunez kudeatzea eta bidaiariei erraztasunak eskaintzea" izan da txartel digitala ezartzearen helburua, eta autobusean bertan eskuratu eta kargatu ahal izango da, 5 euroren multiploekin. Txartela eskuratzeko 3 euroko fidantza ordaindu beharko da, eta banakako bidaien txartelek lehengo prezioa mantenduko dute: 0,70 euro.
Gogora ekartzekoa da, Tolosako Udalak urbanoaren zerbitzua bere gain hartu zuela, joan den ekainaren 22an, langileen, Cuadraren eta Tolosaldea Busen arteko desadostasunak medio; harrez geroztik, "ahal izan duen guztia" egin duela azaldu du alkateak.
Gaurtik aurrera, beraz, Tolosako Hiribusak 25 zerbitzu eskainiko ditu astegunetan: 07:20etik 21:00ak bitarte. Larunbatetan, berriz, 22 zerbitzu izango dira, 08:30ean hasi eta 21:00ak bitarte.