Tolosaldea Bus Greba

Tolosako Hiribusa ohiko zerbitzua eskaintzen hasiko da, astelehenean, akordio bat lortuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 12a, 11:45

ELA sindikatuak agerraldi batean iragarri du, Tolosako Udalarekin eta Cuadra enpresarekin "akordio ona" lortu dutela; subrogatutako langilearekin batera, Cuadrak bi langile berri kontratatu ditu urbanorako.

Sei hilabeteko grebaren tunelera argi izpi bat sartu da, Tolosaldea Buseko langileen bidean: Tolosako Udalarekin eta Cuadra enpresarekin negoziatu eta gero, ELA sindikatuak akordio bat iragarri du, Tolosako Hiribuseko langilearen postua mantendu, eta zerbitzua normaltasunez martxan jartzeko.

Bi urterako akordioa izango da, eta urbanoko langileei 40 orduz murriztuko diete urteko lanaldia; orain arte, urtean 1.800 orduko lanaldia zuten. Soldatari dagokionez, Tolosako Hiribuseko langileek %8ko igoera izango dute eta, azkenik, lan erreforma hitzarmen horretatik kanpo geratuko da.

Horrenbestez, datorren astelehenetik aurrera, Tolosako urbanoa normaltasunez lanean hasiko da. lan gatazka hasi bitarte, bi gidari aritzen ziren Hiribusean; bati kontratua amaitu zitzaion, eta Tolosaldea Buseko gidari bakarraren egoera izan da, auzitan, krisi horretan. Modu horretan, Cuadrarekin eta udalarekin eskuratutako hitzarmenak langile horri eragingo dio, eta subrogazio kontratu bidez hasiko da, berriro, urbanoan.

Bide beretik, Tolosako Udalak, urbanoan hiru langile – 2 lanaldi osoan eta 1 erdian – aritzeko beharra zehaztu zuen plegu berrietan eta, beraz, orain arteko gidariarekin batera ariko dira, aurrerantzean, Cuadrak kontratatu dituen bi langile berri.

Aurrekarien errenkada

2017 amaieran sortu zen krisi egoera, Tolosaldea Buseko langileak enpresa hitzarmen eske hasi, eta enpresaburuek negoziatzeko asmorik ez zutela azaldu zutenean. Gerora, hilabetetan luzatu da lan gatazka, eta Tolosako urbanoari eta eskualdeko lineako autobusari eragin dio.

Bide horretan, maiatza inguruan, bazirudien Tolosako Hiribusaren auzia konpontzera zihoala: Tolosako Udalak plegu berriak argitaratu zituen, urbanoaren zerbitzua berriro esleitzeko, eta enpresa bakarra aurkeztu zen lehiaketara, Cuadra. Udalak zerbitzuaren ardura Cuadrari esleitu, eta urbanoko langilea –Tolosaldea Bus-ekoa– subrogazio kontratu bidez Cuadran aritzea zen asmoa. Ordea, subrogatuta egonagatik, grebarako eskubidea baliatu nahi izan zuen langileak, eta oztopoak sortu ziren, berriz, negoziazio egoki bat lortzeko. Sanjoanen aurretik, horrela, Cuadrak Hiribus zerbitzua eskaintzeko akordiorik ez sinatzea erabaki zuen, eta Tolosako Udalak behin-behinean hartu zuen, urbanoaren ardura, alde guztiak "eseri eta negoziatzera" deituz.

Tolosako garraio publikoaren auzia egonkortu da, eta ELA sindikatuak gogora ekarri nahi izan du, horrelako gatazketan "administrazioak erantzukizun zuzena" duela: "Argi geratu da, borondate politikoa dagoenean, jendearen lan baldintzak hobetu daitezkeela".

Dena den, foru aldundiko autobusen lineako auzia ere gogora ekarri nahi izan dute, Tolosaldea Buseko gainerako langileek greban jarraituko baitute: "Sinestezina da erakunde publiko batek gure aldarrikapenei horrela uko egitea". Datorren uztailaren 17an, horrela, elkarretaratzea izango da, Donostiako Gipuzkoa plazan, 11:30ean, eta grebalariek eskualdeko herritarrak deitu dituzte bertaratzera.

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!