Frisiarrak euskarara gerturatu dira

Ataria 2018ko uzt. 11a, 11:00

Alemania iparraldean 10.000 bat pertsonak hitz egiten dute frisiera; euskararen egoera zein den ezagutzeko etorri dira Tolosara.

Frisiera Herbehereetan, Alemanian eta Danimarkan mintzatzen den hizkuntza bat da. Ingelesaren eta eskozieraren hizkuntza gertukoena dela esaten da eta gaur egun ez du etorkizuna bermaturik, geroz eta hiztun gutxiago baititu. Egoera horri buelta eman nahi diote ordea, eta hori dela eta Alemaniako ipar Frisiako kontseiluko 20 bat lagun izan dira Tolosan. Alemanian 10.000 bat pertsonek bakarrik hitz egiten dute frisieraz.

BISITA

Atzo izan ziren Tolosan eta Galtzaundi euskara taldearen eskutik euskararen egoera eta hizkuntzaren ezagutza zein erabilera bermatu ahal izateko moduak ikusi ahal izan zituzten, eta hori dela eta, besteak beste, TOLOSALDEKO ATARIAn izan ziren.

Jexux Murua Galtzaundi euskara taldeko kideak azaldu duenez, Alemania iparraldetik etorritako taldeak «Tolosaldean euskarak zein egoera bizi duen azaltzeko eskatu digute eta baita horretan eragina duten mugimendu edo proiektuak erakusteko ere».

Lehenik Lizardi elkartera joan ziren eta bertan jaso zituzten datu nagusiak. Handik Aitzol udal euskaltegira joan ziren eta ikastoletako egitasmoa ezagutzeko aukera ere izan zuten; Laskorain ikastolako Sakramentinoen eraikinean jaso zituzten xehetasunak.

Bukatzeko TOLOSALDEKO ATARIAn izan ziren tokiko hedabideen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!