Proiektu berria dute eskuartean Villabonako Javi Rivero eta Asteasuko Gorka Riko sukaldariek. Duela hilabete inguru Ama taberna ireki zuten Tolosako Arostegieta kalean, Alde Zaharreko bihotzean. Taberna bat da, baina hori baino gehiago ere bada Ama. Ondoen egiten dutena eskaintzen dute; bertako eta lehen mailako produktu bikainekin sukaldatutako mokaduak. Basque Culinary Centerren ikasi zuten biek, eta euren ametsa elkarrekin betetzea erabaki dute. «Industrian genbiltzan lanean, lanpostu finkoak genituen, baina horiek utzi eta gustukoen duguna egiteko apustua egin nahi izan dugu». «Gustatzen zaigun hori, bizimodu bilakatu dugu», esan du Javi Riverok. Bien arteko kimika agerikoa da, ondo moldatzen dira sukaldean, begiratu hutsarekin elkar ulertzen dute, eta hori guztia egiten duten horretan ere antzematen da. «Galizian elkarrekin egon ginen lanean. Santiagoko Abastosen egon ginen lanean. Taberna txiki bat da, mugimendu asko duena, gaztea dena... eta produktuan oinarritzen dira. Guretzat oso modelo erakargarria da eta hemen ez zegoela ikusi genuen».
Tolosan pintxoak eskaintzen dituzten hainbat eta hainbat taberna daude, baina Ama harago doa: «Santiagoko eskaintza hori hemen ez dagoela ikusi genuen. Hau da, zerbait jateko gogoa izan bai, baina behar bada ez duzu menu oso bat edo plater bat jan nahi. Pintxoekin ondo asetzeko aukera eskaini nahi dugu».
«Ez dago beste jatetxe batzuetan dagoen hori; eseri eta gutxienez ordubetez egon behar zarela hor, baina eseri, ondo jan, eta omenaldi txiki bat eman nahi duenak, badu horretarako aukera», gaineratu du Gorka Rikok.
Gertutasuna
Primerako eta garaian garaiko produktuak eta gertutasuna, horiek dira, beste batzuen artean, Amak bere dituen ezaugarriak. «Gorka eta biak sukaldetik ateratzen gara eta bezeroekin hitz egiten dugu. Gure eskaintzaren berri emateko, aholkatzeko, zein asmo duten jakiteko... Gorka eta ni beti gaude laguntzeko», esan du.
Basque Culinary Center entzunda abangoardia etorriko zaio burura bati baino gehiagori, baina bikote honek oinarriko sukaldaritza goxoa du abiapuntu. Asko landutako errezetak eskaintzen dituzte. «Tradizionalak esatea ez da posible, Basque Culinary Centerretik gatoz... baina ez dugu jendea horretan geratzerik nahi. Gazteak gara, baina badakigu sukaldatzen, eta nola erakutsi dezakegu hori? Dena guk eginda, salda guztiak egiten ditugu. Egia da gainera plater tradizionalak ere egiten ditugula. Kokots-uhalak egiten ditugu, betiko moduan, gisatuak, oso potenteak... Arrozarekin ere berdin; salda tradizionala egiten dugu, arroza salda horretan egiten dugu... Oinarrizko sukaldaritzatik abiatzen gara beti. Olagarroa ere guk egosten dugu...», esan du Riverok.
«Gaur egun ia egiten ez den sukaldaritza bat da gurea, galtzen ari dena. Ohiko negozio eredutan ahalik eta prestatuen dauden produktuak hartzen dituzte, eta azken ukitua ematen diote desberdintzeko. Hori ez da guk egin nahi duguna», nabarmendu du Rikok. «Ahalik eta gordinen erosi eta produktua gutxi manipulatzen dugu, oinarrizko hori errespetatu nahi dugu, produktua errespetatzen dugu», azaldu dute. Eta horretarako ezinbestekoa da «oso ondo erostea, produktua ez izorratzeko». Erosketari ere garrantzia ematen diote, asteazkenetan bat Getariara joaten da olagarro edo garaian dagoen produktuaren bila eta bestea Ordiziako azokara; «dena den, Tolosan larunbateko azoka dugu, denda txiki eta on asko ditugu inguruan, baserritarrak oso gertu ditugu, arrandegiak, harakinak... alde horretatik, ezin gara kexatu. Bertako produktuak nahi ditugu eta bertakoa ezin bada izan, ekonomia lokala bultzatu dezan nahi dugu».
Produktuen araberako aldaketak
Pintxo itxiak dituzte, baina ez dute ezer behartu nahi. «Olagarroa Getariatik ekartzen dugu eta jendeari asko gustatzen zaio, baina ez badago, ez dugu behartzen, ez dugu jartzen eta listo. Beti dago garaiko produkturen bat pintxo ona bat egiteko».
Kartan ez dauden pintxoak beti izango dituztela diote, «bezeroekin hitz egitea gustatzen zaigu, eta momentuan dugun hori eskaintzen diegu, beti dugu kartan ez dagoen beste zerbait».
Ama izena ere ez da kasualitatea. «Ama batek bere seme-alabentzat sukaldatzen duen bezala sukaldatzen dugu guk. Etortzen dena etxean bezala sentitzea nahi dugu», esan du Rikok. «Eskaini ere ez dugu primerakoa ez den zerbait eskainiko. Oso kritikoak gara, zerbaitek maila ez duela ikusten badugu, ez dugu ematen», esan dute.
Helbidea. AROSTEGIETA KALEA, 13.TOLOSA.
Telefono zenbakiak. 608 913 294 /600 727 802.
E-maila. ama@amataberna.eus.
Webgunea. www.amataberna.net.
Sare sozialak. Instagram eta Facebook.
Ordutegia. 09:30etatik irekita. Astelehen eta asteartetan ixten dute.