Erosketak, dendaz denda ibiltzea, erakusleihoetan begirada paratzea bada turismorako beste aukeretako bat Tolosaldean.
Tolosaren hiriburu izaerak esanahi berezia hartzen du merkataritzaz hitz egiterakoan. Esaterako, 19.000 biztanle pasatxo dituen hirian Tolosa&Co merkatari elkarteak kide bezala 226 establezimendu ditu bere gain. Horrek esan nahi du, mila biztanleko 21 denda daudela. Aukera zabala.
Merkataritza gune ireki hau, Tolosako biztanleentzat ez ezik eskualdekoentzat zein bisitarientzat erakargarri bihurtzen da. Komertzio txikiak bere xarma hedatu eta eroslea harrapatzen du, urteetan eta urteetan egin duen bezala. Papergintzari lotutako hiribilduak orain, kalez kale produktu berezi eta kuttunak erakusleihoetan aurkezten dizkio bisitariari.
Tolosa markaz 60 urtez munduan barrena jantzitako buru askoren txapelak Tolosan eginak dira, Boinas Elosegui. Gozogintzari begiratuz gero, ezin dastamen papilen memoria alboratu, teila, zigarrotxo eta xaxuek ere Tolosa izena baitaramate. Menua atzekoz aurrera osatzen hasi bagara ere, postretik bigarren platerera bueltatu, eta parrillan egindako txuleta usaindu daiteke lerro hauetatik. Edota menuan beste pauso bat atzera egin eta Tolosako perla beltzaren zaporea sentitu daiteke. Guztiak Tolosako produktuak, Tolosako dendetan erosgai, garai batekoak eta betikoak.
Baina tradizioaz harago erakusleihoek modernitate kutsu handia ere hartzen dute Alde Zaharra zapaltzerakoan. Gaztelako zubia zeharkatu eta bisitaria kalez kale galtzen den momentu horretan, benetako altxorrak topa ditzake. Abangoardia, modernitatea, boga-bogan dauden marka eta jantziak ezin ahaztu. Bertakoak eta kanpokoak bat egiten dute Korreo kalean, Kale Nagusian, Solana kalean... Emakume, gizon, neska-mutilek zer erosia badute. Etxeko txikienentzako jostailu denda espezializatuak. Badaude esaterako batzuk betiko kutsuarekin, xarmarik galdu gabe; besteak irudi berriarekin eta pedagogia berrietara bideratuta.
Merkatariak oso jakitun dira eskaintzen duten berezitasunaz, zein garrantzitsuak diren haiek hiria bizirik mantentzeko. Saiakera handiak egiten dituzte gainera kaleko bizitasun hori areagotzen. Esaterako, Kale Nagusia Arte Kalea bihurtu da, bertako dendarien artearekiko zaletasuna agerian utziz, eta erosleak ere arte horretaz zipriztinduz.
Beste adibide bat Giro Kalea da. Errementari kaleak izen berria hartu du bertako merkatarien ekimenez. Kaleko apainketak ez dira falta izaten urteko saio ezberdinaren arabera.
Merkataritza bizirik dago Tolosan eta Tolosa bizi egiten du merkataritzak. Hitzordu berezirik ez da behar izaten erakusleihoz erakusleiho ibiltzeko baina beherapen denboraldiak, Braderie azokak, Tolosa Zuria Loretan ekimenak edota zozketa bereziek jendearen joan-etorria are biziago bihurtzen dute Tolosako kaleetan barrena.