Erritmo eta pauso latinoek hartuko dute Zerkausia, larunbatean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 5a, 10:00

Tolosalsa taldea joan den urrian hasi zen, hilero, kultur etxeko areto nagusia dantzarako pista bilakatzen; eskualdeko nahiz kanpoko jendea elkartzen da, dantzarako.

Txanpa taberna eta Fronton kafetegia zituzten, lehen, dantzarako pista. Pixkana, ordea, desagertzen joan ziren dantza latinoak egin ahal izateko tokiak. Hutsune horri erantzunez, horrela, Tolosalsa elkarteak ikasturte osoa darama, hilean behin, kultur etxeko areto nagusia dantzarako areto bilakatzen. Larunbatean, uda giroa baliatuz, Zerkausian izango dute hitzordua, 16:00etatik 20:00etara bitarte.

Jose Ramon Ugartemendia egitasmoaren sustatzailea da, eta Jesuitinetan hasi zen, dantza latinoak ikasten: «Talde beterano bat aritzen da, eta ni duela bospasei urte hasi nintzen bertan, ikasten. Lehen Txanpan elkartzen ginen, ostegunetan, eta Fronton kafetegian gero. Giro polita izaten zen, baina galdu egin zen ohitura. Hemen inguruan dantzarako beste lekurik ez zenez, zerbait antolatzea pentsatu nuen».

Beharrezko hariak mugitu eta, joan den urriaz geroztik, Tolosako kultur etxeko areto nagusia dantza latindarren pista bilakatzen da, hilean behin: «Gure asmoa maiztasuna finkatzea da, adibidez, Tolosa Kantarik egiten duen bezala. Ordea, aretoa askotan hartuta izaten da, eta ezin izaten dugu nahi dugunean erabili».

Leihoak zabalik egiten dute dantza hitzordu horietan, taldera batu nahi duen jendeak dantzan ikus ditzan, eta jakin-mina piztu dadin. Asteburuan, ordea, leihoak zabaltzetik, kalean aritzera pasako dira: «Iaz ere antolatu genuen zerbait, Urnietako taldearekin. Udan bero egiten du barruan, eta kanpoan aritzeko, berriz, giro bikaina», dio Ugartemendiak.

Espazio handiago batean aritzea ere eskertuko dute larunbatean, izan ere, 150 pertsona inguru elkartzen dira, eskualdekoen eta eskualdez kanpokoen artean; Urnietatik, Andoaindik, Legorretatik, Donostiatik nahiz Ondarroatik bertaratzen da jendea, dantzara.

Eta, dantzarako, doinu latinoen erritmora aritzea da baldintza bakarra, Joxi Fernandez, DJaren eskutik: «Bada maila handia duen jendea, eta bada dantza nola-hala egiten duen jendea ere. Baina gure asmoa ez da klaseak ematea, dantza egitea baizik. Salsa egiten dugu, batez ere, eta noizbehinka bestelako erritmoekin proba egiten dugu».

Horrela, beraz, Tolosalsa taldeko kideek dantza egin nahi duen edonor gonbidatu nahi dute datozen hitzorduetara: «Erritmo pixka bat dutenek, ezer jakin gabe ere, bikote batekin segituan hartuko dute dantza latinoen dinamika». Etzi, 16:00etatik aurrera izango da aukera eta, gainerakoan, facebook.com/SalsaTolosa orrialdean iragartzen dituzte hitzorduak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!