«Zoriontasuneko 10 urte izan dira, jendeak erantzun du eta gu oso pozik gaude»

Mikel Iraola 2018ko uzt. 5a, 08:00
10 urte eta gero Tolosa Kantariko gidaritza utziko du Evaristo Elduaien tolosarrak. Ez du kantu jira utziko dena den, ez du hileko azken larunbateetan hutsik egiteko asmorik. Belaunaldi aldaketa ere aldarrikatzen du eta esan du ondo legokeela gazte jendeak beste egun bat hartu, euren gustuko kantak prestatu, eta euskal giroa zabaltzen jarraitzeko beste hitzordu bat jartzea.

Nolakoak izan dira hamar urte hauek?

Ez genuen espero ibilbide hau egitea eta oso pozik gaude. Zoriontasuneko 10 urte izan dira. Jendeak erantzun du eta gu ere saiatu gara, eta oso pozik gaude.

10 urte hauetan egon zara, nola gogoratzen dituzu lehen pauso haiek?

Amarotzen bazegoen talde bat tarteka bildu eta entseatzen zuena, eta kalean kantatu zezaketela pentsatu zuten. Sanjoanetan atera ziren kalera eta ni horrela jabetu nintzen. Hitzordura azaldu eta horrela animatu nintzen ni. 40 bat elkartu ginen eta horrek aurrera segitu behar zuela pentsatu genuen. Data bat aukeratzeagatik hileko azken larunbata aukeratu genuen eta horrela segitu dugu. Tontokaletik ateratzea erabaki genuen eta aurrera.

Urte hauetan hitzordua indartzen joan da?

Oso kontentu gaude jendeak Tolosa Kantariri eman dion babesarengatik, geroz eta jende gehiago animatu da eta oso pozik gaude, bestela ez genuen jarraituko.

Zer da zuretzat Tolosa Kantari?

Niretzat izugarria da, euskara giroa kaleratzea izugarria da. Egia esan adineko jendea gara batik bat, eta guretzat lehengo ohiturak berreskuratzea ere bada. Lehen bazegoen kantatzeko ohitura gehiago. Une berean etxetik ateratzeko eta lagunartean biltzeko aitzakia ere bada. Eta baita herria egiteko modu bat ere.

10 urtetan gidaritza eraman eta gero utzi egingo duzu.

Gidaritza utziko dut eta baita soinuarekin joatearena ere, baina kantatzera joango naiz. Adinarekin gazteei lekua utzi behar zaie. Eskerrak eman behar dizkiet jarraitzen dutenei; gidaritza hartzen duena gaztea da eta gainera bi neska gazte sartu dira soinuarekin. Aurrera jarraitzeko eskatu nahi diet.

Eta zer eskatzen diozu Tolosa Kantariri?

Gauza bakarra, jarraitzeko. Euskal giroa kalera atera eta pozik jarraitu dezala.

Belaunaldi aldaketa ematea ere nahi duzu...

Badakigu guk abesten ditugun abestiekin belaunaldi gazte berria sartzea zaila dela, baina poz handia hartuko nuke gazteak euren kantekin kalera ateratzen hasten badira. Euskal giroa sortu dezatela, hori gustatuko litzaidake. Egia da gu haien kantekin ez ginatekeela moldatuko, eta berdin alderantziz, baina hartu dezatela beste egun bat eta ateratzeko kalera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!