May Gorostiaga omendu dute Amarozko Antzerki Astearen 20. urteurrenean

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 29a, 12:51

Ingurukoen ezusteko omenaldia jaso du May Gorostiagak Amarozko Antzerki Astearen barruan, 20 urteotan egin duen lanaren aitortza gisa. Bea Larrañaga eta Irantzu Mantxok ere jaso dute esker ona.

21:30. Amarotz Auzoa. Ilargi beteak auzoa argitzen duen bitartean, amaitzear da Mago Diego, Imanol Ituño, Barbara Rivas, Pello Añorga eta Coco Barrazaren Pintxopoteatroa ikuskizuna.

Bat-batean alfonbra gorria jarri dute auzo lokalen sarreran, eta alfonbraren bi aldeetan bildu dira magoak, txotxongilolariak, trapezistak, mimoak, ipuin kontalariak, zirkuko protagonistak, pailazoak, bertsolariak, idazleak, antzerkilariak... Ezustean harrapatu dute May Gorostiaga.

- Baina zer da hau?
- Merezitako omenaldia, zuretzat.

Zinta moztu, eskuak lurrean marraztu... Modu horretara, emozio biziz eta txalo artean, May Gorostiagak egiten duen lana eskertu nahi izan dute auzokide eta lagunek Amarozko Antzerki Astearen 20. urteurrenean. Hitz goxoek erabat hunkitu dute, auzoko zapia eta txapela jantzita daramatzan May.

«Merezi du, gure maisua da, eta 20 urteko ibilbide honetan sekulako lana egin du. Bere alboan egotea zoragarria da, ideia mordoa duelako, eta beti gertu izaten dugulako. Diru-laguntzarik gabe egiten den antzerki astea da, eta antzerki astea aurrera ateratzeko Mayk egiten duen lana izugarria da», azaldu dute omenaldia prestatu duten lagunek.

Ezin ahaztu Bea Larrañaga eta Irantzu Mantxoz. Mayren alboan antzerkia sortzen urteak daramatzate biek eta merezitako lore sorta bana jaso dute beraiek ere.

Ezin emozioak alde batera utzi. Urrun baina gertu dauden lagunek prestatutako bideo proiekzioak barreak eta negarrak sortu ditu. Azken mezu bat ere badute guztiek: May, jarrai ezazu ibiltzen, eta ez utzi zure hegoak astintzeari. Beste 20 urteren bila. Maite zaitugu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!