Tolosako Udalak eta Tolosa&Co-k lankidetza hitzarmena berritu dute

Ataria 2018ko ekainaren 21a

Urtebeterako berritu dute hitzarmena, eta udalak 30.000 euroko diru-laguntza eman dio elkarteari, sektoreari begirako proiektuak eta jarduerak gauzatzeko. Olatz Peon alkateak eta Mireia Carceller elkarteko lehendakariak sinatu dute hitzarmena.

Tolosako Udalaren eta Tolosa&Co elkartearen arteko «lankidetzarako eremu egonkor bat sortzea» da hitzarmenaren helburu nagusia, udalerriko garapen ekonomikoan eta enpleguan, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza «giltzarri» direla iritzita.

Tolosako Udalak merkataritza eta ostalaritzari bultzada ematen jarraitu nahi duela adierazi du: «Tolosa&Cok sektore komertziala, zerbitzuena eta ostalaritzarena bere osotasunean batzen eta ordezkatzen ditu, eta entitate erreferente da», aitortu du Olatz Peon alkateak.

Peonen ustez, Tolosa&Corekin elkarlanean jardutea «ezinbestekoa» da: «berrikuntza bultzatu, era koordinatuan proiektu amankomunak martxan jarri, eta azken finean, sektorearen beharrei erantzungo dieten jarduerak elkarlanean garatu behar ditugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!