Kazerolada, gaur, 'La Manada'-ren epaia salatzeko

Berria / Garikoitz Goikoetxea 2018ko eka. 21a, 18:38

Tolosaldeko Asanblada Feministak deituta, kazerolada izango da, gaur, Trianguloan, 20:30ean.

Libre utziko dituzte Iruñeko talde bortxaketaren egileak. Nafarroako Auzitegiak onartu egin du defentsaren eskaria: behin betiko epaia iritsi arte baldintzapean aske geratuko dira.

Jasotako zigorrak berealdiko ezinegona sortu zuen kalean, eta beste erabaki bat hartu du orain Nafarroako Auzitegiak: libre utziko ditu Iruñean 2016an egindako taldeko sexu erasoan parte hartu zuten bost gizonak. Defentsak eskatutako eskaria onartu egin du epaimahaiak, hedabide batzuek azaldu dutenez.

Bederatzi urteko espetxe zigorra jarria diete bost gizonei. “Abusu” mailara jaitsi zuten taldeko eraso hura, ez zuten “sexu eraso” delitua izan zela izateko frogarik ikusi: alegia, epaileen arabera, ez zen indarkeriarik egon bost gizon helduk 18 urteko adingabe bati egindako erasoa, nahiz eta aitortu zuten sexu harremanak ez direla adostuak izan eta bost zigortuek beren nagusitasuna baliatu zutela. Areago, epaileetako batek absoluzioa eskatu zuen, deliturik ere ez zegoelakoan. Ezinegon handia sortu zuen epaiak, eta protesta ugari eta jendetsuak izan ziren kalean.

Hain justu ere, epaile horren argudioei heldu die defentsak zigortuak kalera ateratzea eskatzeko. Epaiari helegitea jarria diote alde guztiek: akusazioek zigor handiagoa eskatu dute, sexu erasoa izan zelakoan, eta defentsek absoluzioa nahi dute.

Erabakiak iritsi arte, libre geratuko dira bost zigortuak, 6.000 euroko bermearekin. Astean hirutan joan beharko dute beren herrietako auzitegietara: astelehen, asteazken eta ostiraletan. Ezingo dute Madrilgo Erkidegora sartu —biktima hangoa da—, pasaportea kendu diete eta Espainiako estatuaren mugetatik ateratzeko debekua jarri diete.

Iturri horien arabera, autoa jaso dute zigortuek jada, baina bihar egingo da publiko. Zabaldu dutenez, erabakiaren kontra dago Jose Francisco Cobo epaimahaiko burua, eta boto partikularra idatzi du, zigortuak preso mantendu behar direla argudiatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!