Gauzei bere izenez deitzeko jaiki da eskualdea: «Bortxaketa izan zen!»

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 26a, 20:40
Tolosako Trianguloa plaza jendez bete da. MIKEL IRAOLA

La Manadaren kasuko epaiak hautsak harrotu ditu ordu gutxian, eta Tolosaldea ere altxatu da bortxaketa ukatu eta abusua zigortu duen epaiaren aurka; Anoetan, Amezketan, Bidania-Goiatzen, Tolosan eta Villabonan elkarretaratze jendetsuak izan dira.

2016. urteko sanferminetan gertatutako talde-erasoaren epaia bi urtera plazaratu du, gaur, Nafarroako auzitegiak. Azken asteotan gero eta gehiago ziren La Manadaren absoluzioari nahiz zigor arinei buruzko zurrumurruak eta, azkenean, albistea esperotako bidetik heldu da: bost gizonezko horiek egindako delitua bortxaketa ez, abusua izan zela erdietsi du epaimahaiak, gizartearen zati handi bat asaldatuz.

Eguerditik aurrera, sare sozialak irakiten izan dira, eta Euskal Herrian nahiz Espainian albiste jarioaren erdigunea hartu du kasuak. Horrela, beste hainbat tokitako deialdien ildo beretik, Tolosaldeko mugimendu feministak ere altxatzera deitu du eskualdea. Anoetan, Bidania-Goiatzen, Villabonan eta Tolosan elkarretaratze jendetsuak izan dira; jendetsuak eta haserrez jositakoak.

Batetik, mobilizazio guztiak aitortza kolektibo ariketa bat izan dira: "Ez dugu zalantzan jartzen bortxaketa izan zenik, erasotzaileek biolentzia eta beldurra erabili baitzituzten erasotua bortxatzeko. Nahiz eta justizia instituzioek hori ez aitortu, guk sinisten dizugu", berretsi dute.

Epaimahaiaren erabakiari begira, berriz, mugimendu feministaren adierazpenak "oso larritzat" jo du kasua bortxaketatzat jo ez izana. Beren arabera, horrek "argiki erakusten du, beste hainbatetan gertatzen den bezala, epaitegiak ez daudela emakumeon gorputzaren eta bizitzaren askatasuna defendatzeko, baina, aldiz, sistemaren ordena patriarkala eta misoginoa iraunarazteko daudela". Horren harira, egungo sistema judizialaren inguruko gogoeta egiteko "urgentziaz" ohartarazi dute elkarretaratzeetan.

Begirada La Manadaren kasutik harago ere altxatu dute, ordea, eta gogora ekarri nahi izan dute emakumeen aurkako eraso matxistak eguneroko errealitatea direla: "Indarkeria ezinbesteko tresna da sistema kapitalista patriarkal honentzat, horrek mantentzen baititu bizirik, botere-harremanak".

Azkenik, egiturazko biolentziaren aurka egiteko "konpromiso sozial eta politikoa" eskatu dituzte, irmo, arazoa emakumeengandik gizarte osora zabalduz: "Hau arazo politiko bat da, hortaz, irtenbideak askotariko eremuetatik jorratzea ezinbestekotzat jotzen dugu; bai eskoletan, bai etxeetan, bai instituzioetan, bai epaitegietan,...". Mugimendu feministatik gaurko epaia nahiz gainerako eraso matxista guztiak salatzen jarraituko dutela azaldu dute eta, "orain arte bezala, autodefentsa feministaz emakumeak ahalduntzen" jarraituko dutela zehaztu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!