Antxon Iglesias: "Ederki bukatu dugu"

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 21a, 16:33

Ekaina hasiera gogorra izan zen, bulegoetan egin behar izan genuen borrokagatik.

Kopako finalerdian, Athletic-en aurka, ez genuen zelaian finalerako txartela eskuratu. Baina Athletic-ek hamaikako okerra zelairatu zuen; aktan ez zegoen jokalari batek jokatu zuen. Gehienetan, akats hori egiten duen taldea kanpoan geratzen da. Euskal Federazioak, ordea, ez zigun arrazoia guri eman eta Athletic-ek Laudioko finala jokatu zuen.  


Horren ordez, astean zehar Bizkerrek deitu gintuen. Bere txapelketan Betis-ek jokatu behar zuen, baina huts egin zuenez guri luzatu ziguten gonbidapena. Azken unean baietz esan genien. Txapelketa izugarria izan da guretzat. Madril, Valentzia, Eibar, Athletic, Bizkerre eta gu. Lehen mailako taldeen aurka lehiatzera joan ginen Getxora. Asteburua hotelean pasa genuen talde horiekin. Orain arte bizi izan dugun esperientziarik ederrena izan da. Neskek egin duten denboraldia ikusita, merezitako saria eta oparia.


Izugarria izan zen txapelketa. Bizkerreko entrenatzaile eta zuzendaritza guztiari eskerrik asko, horrelako esperientzia bizitzeko aukera emateagatik. Tratua ere izugarria izan da.


Bukatzeko, Tolosako neskak zoriontzea dagokiguā€ˆegin duten denboraldiagatik eta daukaten konpromisoagatik. Nola entrenatu duten, nolako talde giroa daukaten... Zorionak!


Eta nola ez, entrenatzaileei, Imanoli bereziki, bere aita Martzelinori, Imanol Iraola delegatuari, Gillermo atezainen entrenatzaileari eta beti laguntzeko prest dagoen gure Sebasi ere zorionak eta eskerrik asko. Imanolek erakutsi du sekulako entrenatzailea dela. Taldea prest dauka etorkizunari begira helburu handiagoak lortzeko.


Ederki bukatu dugu. Izugarrizko denboraldia egin dugu. Hirugarren geratu gara Euskal Ligan. Pausu bat falta zaigu bigarren mailan egoteko. Tolosak urteak daramatza nesken harrobia zaintzen eta lantzen. Orain, lan hori bere fruituak ematen hasi da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!