Errementari kaleko 'Mariona', eskopetariz jantzita

Ataria 2018ko ekainaren 2a

San Joan festei begira, Errementari kalea girotuko dute Mariona txotxongiloa eskopetariz eta bordondantzariz jantzita. Egitasmoa aurkezteko, hamabost eskopetari konpainiako kideak izan dira, bere konpainia ordezkatzen duen txotxongiloa erakutsiz, eta Udaberri dantza taldeko kide bat, bordondantzariarekin.

Errementari kalea girotzea da helburua, "ikustea bizirik dagoela eta ilusioarekin gaudela gauzak egiteko", azaldu du Nekane Telleria Errementari kaleko dendarietako batek. Eskertu diete konpainietako zein Udaberri dantza taldeko kideei aurkezpenean izatea, eta baita Topic-eko ordezkariei, Mariona originalarekin ere bertan izateagatik.

Errementari kalea girotzeko ibilaldia aurreko urtean hasi zuten, "margotzen eta bizi pixka bat emanez kaleari", esan du Telleriak. Ondoren etorri zen ideietako bat izan zen Mariona bat egitea, Topic-eko irudia den txotxongiloa gogora ekarriz. Gerora inauterietan ere mozorrotu zuten, eta "orain ere ari ginen ilusio horrekin, zerbait gehiago egiteko, eta kalean gauza gehiago jartzeko. Eta gure Mariona eskopetariz janztea okurritu zitzaigun", esan du Telleriak.

Hilabete eta gehiago eman dute lanean, "ordu txikitan, ahal genuenean", eskopetarien hamabost konpainietako trajeak eta bordondantzariarena egiten. "Puzzle bat egitea bezala izan da, xehetasun guztiak kontuan hartuz. Espero dugu jendeari gustatuko zaiola kaleak hartuko duen itxura". Datorren astean zintzilikatuko dituzte txotxongilo-eskopetariak eta baita San Joan jaietako kartela ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!