Tolosako Sanjoanak 2018

Tolosako aurtengo sanjoanak, goiztiar eta feministenak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 14a, 13:44

Inoiz baino goizago iritsi dira Tolosako sanjoanak; aurten lehen aldiz, helduek euren eguna izango dute.

Bihar hasiko dira Tolosako sanjoanak eta bi asteburutan banatuta ekainaren 25era arte luzatuko dira. Tradizio handiko festak dira eta egitarauak ohiko ekitaldiak biltzen ditu, baina bada berrikuntzarik. Aurten lehen aldiz Helduen Eguna ekainaren 22an izango da eta Alondegi plaza hartuko du. Harizpe elkarteak botako du egun horri dagokion suziria eta helburua eguna urtero errepikatzea dela esan du Juan Bautista Aranzabe Helduen Eguneko ordezkariak. «Beti pentsatu izan dugu gazteek euren eguna bazuten, ea guk zergatik ez genuen, eta iritsi da».

Helduen Eguna izango dute sanjoanek, baina aurtengo jaiek badute beste berezitasunik, emakumeenganako errespetua eta euren ahalduntzea sustatzeko esfortzu berezia egin baita. «Urte berezia izan da honakoa emakumeontzat eta parekidetasunarentzat. M8ko plantoak inoiz baino ozenago aldarrikatu zuen gizarte berdinzale bat eta udaletxean abiatuta gaude Emakumeen Etxearen proiektuan», esan du Olatz Peon alkateak.

Bide horretan Asanblada Feministak izango du jaiei hasiera emateko ardura. Asanbladako Maria Pilar
Garaialdek eskerrak eman ditu txupinazoa botatzeko aukera eman izanagatik. «M8a izan zen erakusle emakumeak noraino iristeko gai garen eta oraindik zenbat dagoen egiteko. Txupinazoa erakusle bat bakarrik izatea nahi dugu hala ere, bide horretan jarraitu behar dugu. Urte luzeko borroka izango da. Gogora ekarri nahi dut badela garaia ez, ezetz dela ulertzeko. Erasorik gabeko eta errespetuzko jendarte bat behar dugula aldarrikatu nahi dugu eta gonbidatu nahi nuke jendarte osoa zenbait mezu aldatzera. Badelako garaia emakumeei kontuz ibili zaitez esan beharrean, gizonezkoei esatekoa emakumeak errespetatu behar direla, jakin dezaten ez ezetz dela».

Eskopetariak
Bestetik, San Joan Egunean eskopetarien 16 konpainietako 3tan kapitain emakumeak izango direla nabarmendu dute sanjoanen aurkezpenean. Horietako bat izango da Idoia Eizmendi. Urdiña Txiki eskopetarien kapitaina izango da lehen aldiz eta pozik hartu du egitekoa. Aurten gainera konpainiak 25 urte betetzen ditu. «Urdiña Txikin kapitaintza txandakatu egiten dugu eta aurten niri egokitu zait. Hiru emakume kapitain izango gara aurten eta asko pozten gara aurten emakume gehiago izango garelako», esan du. Aurten San Joan Eguna igandea denez jende asko animatu dela esan du; guztira 1.500 eskopetari aterako dira, 800 bat eskopeta. Urdiña Txikiren urteurrena dela eta, ekitaldi berezi bat ere antolatu dute, baina ez dute gehiago aurreratu nahi izan, hitzordua bakarrik, 19:30ean egingo dute. Gainontzean urteroko egitaraua beteko dutela esan du Eizmendik.

‘Tolosak, ezetz!’
Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko asmoz, udalak Tolosak, ezetz! kanpaina abiarazi du. «Errespetuan oinarritutako jai parekideak izatea nahi dugu», esan du alkateak. Bide horretan Sexu-erasoak herriko jaiegunetan: udal zerbitzuen betebeharrak protokoloa prestatu zuten iaz lehen aldiz, eta aurten eragile guztiei zabaldu dietela esan du. «Horrelako ekintzaren bat jazoz gero, udalak zer-nolako gidalerroa izango duen jakin ahal izateko protokoloa da», gaineratu du. Era berean Indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde gida kaleratu du udalak eta herriko etxe guztietan banatu egitarauarekin batera, herritarrek ere erasoen aurrean nola jokatu jakin ahal izateko. Horri tiraka puntu lilak, denda eta tabernetan jartzeko Tolosak Ezetz jartzen duen kartelak eta txapak, eta Joka Sano pegatinak atera dituzte. Horiek Kuadrilla Egunean eta eskopetarien artean banatuko dituzte, eta gune publikoetan ere jarriko dituzte eskuragarri.


Kuadrilla Eguna
Bada besterik emakumeen kontrako indarkeriaren kontra azaltzeko bide horretan; larunbateko Kuadrilla Egunerako zapi moreak banatu dituzte. Eta ez dira gutxi izango, izan ere, aurten 110 bat kuadrilla bilduko dira Euskal Herria plazako bazkarian. Etzi izango da Kuadrilla Eguna, asteburu bat aurreratu baitute jaia. Maddi Agirrezabala antolatzaileetako batek esan zuenez, 1.400 pertsona inguru izango dira bazkarian. «Eguna sei kuadrillen artean antolatzen dugu eta ez dugu egunaren esentzia galdu nahi izan, eta horregatik egunaren egitaraua gutxi gorabehera urterokoa da. Aurten tribuak da mozorrotzeko aukeratu dugun gaia eta kartel lehiaketa ere gin dugu, Ainhoa Lopezek irabazi duena», esan du. Dei berezia ere egin du Kuadrilla Egunean gauez etxera itzuli behar duten emakumeei laguntzeko antolatutako brigadetan parte hartzeko. «Norbaitek boluntario bezala parte hartu nahi badu, edo brigadaren laguntza behar badu, Kuadrilla Eguneko Facebook-eko orrialdearen bidez egin dezake», esan zuen.

Beste aipamenik ere egin du alkateak, izan ere, aurtengo sanjoanak izango dira Iñaki Letamendiak Udal Txistulari Bandaren zuzendari bezala egingo dituen azkenak. «Egun gogorra izaten da guretzat, baina baita oso ederra ere», esan du Letamendiak. Txistulariak ia mende erdia eman du bandan.

San Joan jaiak hortaz, ekainaren 15tik 17ra eta 22tik 25era ospatuko dira eta 70 ekintzatik gora egongo dira. Horien artean Haurren Hiriko San Joan su txikia eta Zumardiandiko ikuskizunak nabarmendu ditu Peonek eta baita Beantatuz Nazioarteko Arte Jaialdia ere.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!