Olatz Peon izango da Tolosako EAJren alkategaia, bigarrenez

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 12a, 12:57

Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria izan du alboan, Berdura plazan egindako aurkezpenean; bihar beteko dira hiru urte, alkate kargua hartu zuenez geroztik.

Olatz Peon Ormazabal izango da Tolosako EAJren zerrendaburua, 2019ko udal hauteskundeetan. Berdura plazan egin duten aurkezpenean, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria eta hainbat lagun izan ditu alboan.

EAJk Tolosa herrigintzan leloa aukeratu du hurrengo urteko hauteskundeetarako, eta Olatz Peonek horri jarri dio fokua: "Azken hiru urteotan gertutasunez eta gardentasunez aritu gara udalean, eta horrela jarraitu nahi dugu, herriaren izaera eta aniztasuna errespetatuz".

Bihar beteko dira hiru urte, Olatz Peonek alkate kargua hartu zuenez geroztik, eta zerrendaburu izatearen erronka bigarrenez hartu du, "hausnarketa luze bat egin eta gero": "Esparru pertsonalenean eragiten du, eta ondo pentsatu dut erabakia, baina, orain arte bezala, tolosarrentzat lanean jarraitzeko gogotsu aurkeztuko dut neure burua".

Datozen hilabeteetan xehatuko dituzten proposamen eta ideien ildoa ere aurreratu du EAJren alkategaiak, azalduz, honakoak izango direla, Tolosako jeltzaleen ardatzak: "Tokiko enplegua eta sustapen ekonomikoa; gizartearen ongizatea eta inklusibitatea; Tolosaren erreferentzia izaera mantentzea; herri ekimenei babesa eskaintzea; eta, azkenik, Tolosa solidario, euskaldun eta parekidea eraikitzea".

Bere aldetik, Egibarrek azpimarratu du,"herri bat maitatzen dela esateko, aldez aurretik herri hori ezagutu eta errespetatu" egin behar dela, arazoak konpontzearekin batera. Era berean, EAJ datorren agintaldian etorkizunari begira jarriko dela ere iragarri du: "Berritzeko erronka dugu esku artean, eta ez dagoena kudeatzekoa bakarrik. Geroari begira zer komeni den aztertu nahi dugu, eta belaunaldi berriei Tolosa hobe bat utzi".

Bide horretan, Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak Olatz Peon hautagai ezin egokiagotzat jo du: "Eskarmentu handia du, baina baita ideia berriak ere, eta eskerrak eman behar dizkiogu, hartutako erronkagatik. Bihotzaz eta buruaz, eta eskarmentuaz eta berrikuntzaz ariko da".

Ibilbide luzea udalgintzan

Olatz Peonek 16 urte beteko ditu, datorren urtean, Tolosako Udalean. Jokin Bildarratz alkate zela zinegotzi lanetan aritu zen zortzi urtez, eta horietako lau alkateorde postuan. Ondoren, oposizioan egin zituen beste lau urte, 2011tik 2015ra, EH Bildu alkatetzan zela. EAJko lurralde zuzendaritzako kide ere izan zen.

2015eko hauteskundeetan jeltzaleek gehiengo osoa eskuratu zuten, eta urte hartako ekainaren 13an hartu zuen alkate kargua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!