Pablo Arsuaga omenduz hasi da V. Abraham Olano martxa

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 9a, 12:13

280 txirrindularik ekin diote bi ibilbideko lasterketari; besteak beste, Abraham Olanok berak, Haimar Zubeldiak eta Jon Irisarrik parte hartu dute gaurko proban.

Oriako Txirrindulari Eskolak bosgarrenez antolatu du, Abraham Olano zikloturista martxa. Azken astean izen-emateek gora egin dutela-eta, pozik daude antolatzaileak. Gaur, gainera, lasterketa gustura hasteko bazuten nahikoa arrazoi, Pablo Arsuagari omenaldi hunkigarria egiteko baliatu baitute hitzordua.

"Bere garaian txirrindularitzan urte askotan ibilitakoa da eta, gerora, isil-isilik, asko egin du txirrindularitzaren alde; bai berak, bai familiak". Modu horretan, ohorezko agurrarekin, plakarekin eta txapelarekin eskertu nahi izan diote, Arsuagari, utzitako arrastoa.

Gaur, denera, 280 txirrindularik ekin diote bi ibilbideko probari, eta horietako 20 antolakuntzak gonbidatutakoak izan dira; txirrindulari profesionalak izandakoak. 100 kilometroko ibilbidea egin dute batzuek, eta 200 kilometrokoa besteek. Eta bietan izan dira berrikuntzak, iazko martxatik hona: "100 kilometroko itzulia laburra baina gogorra da, eta gain bat aldatu dugu. Luzean, berriz, bi gain aldatu ditugu eta, esaterako, Itzulian igotzen duten Gaintzako tontorra igo beharko dute; gogorra izango da", azaldu dute antolatzaileek: "Malden pendizarekin batera, giro heze eta sargoriak are gehiago zaildu du kirolarien lana; ez da egunik aproposena txirrindularientzat".

11 tontorreko zikloturista martxa da gaurkoa eta, horrenbestez, 200 kilometroko ibilbidea egiten duten txirrindulariek, honako gainak igo beharko dituzte, bizikleta gainean: Andazarrate, Garate, Etumeta, Urraki, Altzo, Abaltzisketa, Gaintza, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubia eta Santa Ageda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!