Pasahitza (zaharra)

«Gure egunerokoan muga ugari jartzen dizkiogu gure buruari»

Iñigo Terradillos 2018ko ekainaren 8a

Intujai taldeak ekoiztutako Aire Hemendik antzezlana estreinatuko da gaur, Topic zentroan, 20:30ean. Bea Larrañaga aktorea Rigo emakume beldurtiaren paperean sartuko da eta bere ametsak betetzeak dituen zailtasunez hitz egingo du.

«Bere munduan, egunerokoan, erosotasunean sartuta dagoen emakumea da», dio Bea Larrañagak. «Berak, ordea, hortik atera nahi du, ilusio du, baina, beldur da, muga ugari baititu bere ametsak errealitate bihurtzeko».

Larrañagak dioenez, gure egunerokoan maiz gertatzen zaigu hori: «Edozer gauzetan gertatzen zaigu, esaterako, ez gara ausartzen norbait maite dugula esaten; mugak jartzen dizkiogu gure buruari, lotsa, beldurra sentitzen dugu. Antzezlanaren ideia da beldur eta lotsa horiek alde batera uztea, ez garela perfektuak ulertzea». Hori guztia etxe aldatze batekin irudikatuko dute taula gainean.

Clown ikuskizuna da Ana Perezek zuzendutako lana. «Ikuslearekin harreman berezia dago, horretan desberdintzen da emanaldia». Amarotzen egin zuten aurrestreinaldia, eta izan zuen harrera oso ona izan zela azaldu du Larrañagak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!