Eman zaio hasiera bisiguaren eta sagardoaren festari

Ataria 2018ko ekainaren 2a

Txinparta elkartekoek Zerkausia atondu dute jantoki gisa eta bisigua erretzen aritu dira Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Katxinako Joxe Migel Zendoia. Inaugurazio ekitaldian, zendu berri diren Tolosako bi musikari omendu nahi izan ditu elkarteak, Joseja eta Luis Mari Garcia Arretxe anaiak.

Eguerdian egin dute Tolosako Zerkausian Bisiguaren eta Sagardoaren festaren inaugurazio ekitaldia. Hamargarren aldia da Txinparta elkartekoek festa hau antolatzen dutena, eta aurten, inguruko sagardogileekin batera osatu dute festa.

Goizean Tolosako kaleetan zehar, sagardoaren inguruko tour gidatu bat egin dute eta Zerkausiaren alde batean Gipuzkoako hainbat sagardo dastatzeko aukera izan da pintxoekin lagunduta.

Eguerdian 200dik gora bazkaltiar bildu dira Zerkausian atondutako jantokian. Elkarteko kideek baieztatu dutenez, beste hainbeste izango dira gaur afaltzen eta bihar bazkaltzen. Orioko Galerna catering enpresa arduratu da bazkaria zerbitzatzeaz eta otorduko Txinparta elkarteko 30 bat lagun ari dira laguntzen. Bisigua parrilan erretzea, Orioko Xixario eta Katxina erretegietako nagusien kargu joan da.

Omenaldi sentitua

Iazko ekainean hil zen Joseja Garcia Arretxe eta aurtengo martxan bere anaia Luis Mari. Bien alargunei lore sorta bana emanaz gogoratu nahi izan dituzte Tolosako bi musikari ezagunak, Bisiguaren festaren hasieran. Alargunek moztu dute festa inauguratzeko zinta eta klarinete laukote batek ere parte hartu du omenaldi ekitaldian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!