«Iaz bigarren egin nuen eta arantza txiki hori neukan; garaipenarekin, beraz, pozik»

Asier Imaz 2018ko mai. 31a, 11:58
Ilazki Zalakain. Gipuzkoako Txapelduna

Gipuzkoako Txapelketa Andoaingo atletismo pistan jokatu zen igandean. Pista asfaltozkoa da, eta Ilazki Zalakainentzat (Tolosa, 1982) hori abantaila bat izan zen. Bi lasterketa jokatu ziren: bata 800ekoa eta bestea 5.000 metrokoa. Bietan urrea lortu zuen Irristakakoak.

Irabaztean gustura egoten da bat beti. 

Aurreko urtean bigarren egin nuen, taldekide baten atzetik. Arantza txiki hori hor neukan, eta aurten berriz irabaztea lortu dut. Gustura, beraz; pozik. 

Txikitatik zabiltza eskian eta irristaka. 

3 urterekin edo hasiko nintzen iraupen eskian eta jarraian irristaka. Laskorainekin ibiltzen nintzen bere garaian. 18 urterekin nazio mailan hasi nintzen lehiatzen. Pixka bat aspertu eta utzi egin nuen ondoren. Triatloian hasi nintzen gero, eta bizitzera kanpora joan nintzen. Itzuleran Irristaka Taldea mugimendu polita sortzen ari zela ikusi nuen eta berriro hasi nintzen irristaka.

Triatloia erabat utzita al daukazu?

Bai, eta eskia ere ia erabat. Noizbehinka korrika egitera joaten naiz, baina ahal dudanean bakarrik. Triatloiak denbora asko eskatzen du. Gutxienez astean 14 ordu sartu behar dituzu emaitzak lortzeko. Orain ume bat daukat eta irristaka egokiagoa da. Oso kirol ona da gainera. Denbora gutxirekin emaitzak lortzeko aukera ematen dizu, egunean ordubete edo sartuz.

Nolakoa izan zen Gipuzkoako Txapelketa?

Nahiko teknikoa, errepidean baina zailagoa. Taldeko kide batzuk errepidera ohituagoak daude, eta hor abantaila bat nuen, pista txikitatik ezagutzen dudalako.

Hemendik aurrera, zer?

Nazio mailako ligan bigarren mailan ari naiz lehiatzen, Bizkaiko talde batean utzita. Gero hemengo lasterketetara joango naiz, gehienbat maratoietara.

Irristaka Taldeak Gipuzkoan puntan dagoela erakutsi du. 

Talderik onena da. Azkenean Tolosan badago tradizioa eta urte askotako esperientzia. Betidanik gabiltzanok maila altuagoa daukagu. Normala den bezala, hasiberriak diren taldeei oraindik maila falta zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!