Garaipena bai, igoera ez

Mikel Iraola 2018ko mai. 26a, 21:32

Kostata irabazi dio Tolosak Beti Gazteri (1-0), baina ez dio balio izan igoera fasea jokatzeko, lehen bi sailkatuek ez baitute galdu. Liga hirugarren postuan amaitu du talde urdinak.

Oso zaila zen, baina borrokatzea zen Tolosak egin zezakeen azken gauza. Eta baita gogotik egin ere.

Garaipen batekin eman nahi zion amaiera Tolosak denboraldiari, eta posible balitz, aurkariek galduz gero, igoera lortu. Lehena lortu du, asko kosta bazaio ere. Bigarrena, ordea, ezin.

Gainerako zelaietara begira ibili behar gabe, lan asko egin behar izan dute urdinek neurketa irabazteko. Lesakarrak sendo aritu dira atzean, eta tolosari kosta egin zaio. Aukerak, ordea, mordo bat izan ditu. Zenbatetan pasako ote zen baloia atepetik, errematatzailerik topatu gabe! Xabi Martinezek bi gol egin ditu, baina epaileak balio gabe utzi ditu jokoz kanpokoagatik –bigarrena oso eztabaidagarria izan da–.

Gola amaierarako minutu gutxi falta zirela iritsi da. Bereziartua izan da golegilea.

Ordurako, harmailetan hasia zen informazio trukea, baina albiste onik ez Irun eta Ordiziatik. Pasaiak 1-2 irabazi dio Real Unioni, galtzen hasi eta gero. Minutu gutxitan irauli dute markagailuan pasaitarrek. Ordiziak, berriz, azken unean galdu du lehen postua, ia denboraldi osoan lidertzan egon ostean. 3-3 berdindu dute Hernanirekin eta play-offa jokatu beharko dute.

Igoera lortu ez duten arren, jokalari eta prestatzaileak gustura geratu dira egin duten denboraldiarekin. Gutxi falta izan zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!