Penaltietan alde egin dio ametsak Iurre Tabernari

Mikel Iraola 2018ko maiatzaren 26a

Hiruna berdindu dute Iurre Tabernak eta Oiartzunek, eta penaltietan galdu dute tolosarrek, jaurtiketa guztiak huts egin eta gero.

Ilusioz gainezka zegoen gaur Usabal. Jendez bete dira Tolosako kiroldegiko harmailak, Gipuzkoako finala ikusteko. Denboraldi bikaina jokatu du Iurre Tabernak, eta ginga jartzea besterik ez zen falta: txapelketa lortzearekin batera, mailaz igotzea. Ez da posible izan, ordea.

Parean aurkari gogorra topatu dute tolosarrek. Oiartzunek ongi jokatu du, eta aurretik iritsi dira atsedenaldira (1-2). Markagailuan atzetik hasi da etxeko taldea. Muñagorrik banakoa lortu du atsedenaldira iristeko denbora gutxi falta zela, baina hurrengo jokaldian berriro ere oiartzuarrek aurretik jartzea lortu dute.

Bigarren zatia emozio bizikoa izan da, talde bakoitzak beste gol bat gehiago egiteko aukera izan du. Garaipena oiartzuarrentzat izango zela zirudienetan, tolosarrek berdinketaren gola lortu dute, azken minutuan. 3-3 eta penaltietara.

Hor gehiago izan dira bisitariak. Jaurtiketa guztiak asmatu dituzte; Iurre Tabernak, berriz, guztiak huts egin ditu. Lastima, egindako denboraldiak amaiera hobea merezi izan baitu.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!